Mendaro ikastolako umeak izan dira gaur kantura irteten lehenengoak. Herri osoan barrena ibiltzekoak ziren kantuan, baina eguraldiak ez du horretarako biderik eman eta Ikastolako aterpearen babesean aritu dira koplatan gaztetxoenak. LH5 eta 6 mailetako neskamutilek, berriz, Mendaro Hospitalean abestu dute.
Elgoibarren, Ikastolako ikasleak kalez kale ibiltzekoak ziren arren, ikastetxe barruan arituko dira kantuan 15:15etik aurrera.
• Baserrietan eta kalean
Zapatuan, otsailaren 3an, 8:30ean irtengo dira kopla kantari Mendaroko taldeak eta Etxegiñakoak Elgoibarren. Etxegiña taldekoak San Bartolome eliza aurrean elkartuko dira eta kalez kale ibiliko dira, 14:30ak aldera Errosario kalean Salbea abestu bitartean. Aurten, urte luzetan koplari aritu den Kepa Urainek agur esango dio jardunari eta berarekin batera arituko dira Inazio Mugerza eta Iñigo Legorburu koplari. Mendaron, baserri auzoak eta kalea koplatuko dituzte eskekoek, hiru taldetan banatuta. Sahatsu mendin Mañukorta eta Aitor Salegik abestuko dituzte koplak; Mendarozabalen, Beñat Lizasok eta Asier Lazarobaster Agarrek, eta Aran Errekan, Aitzol Urain Bidaburuk eta Beñat Ugartetxeak. Elgoibarko Izarrakoak egunean bertan irtengo dira kantura, 10:00etan, eta baserriz baserri ibiliko dira, bi taldetan banatuta.