"Elgoibar eta santa-eskea nik maite zaitut bihotzez..."

Barren.eus 2018ko ots. 2a, 10:07

Kepa Urainek German Uriguen Etxegiñari hartu zion lekukoa 1980an, eta aurten arte bera izan da Etxegiña taldeko koplari nagusia. 79 urte ditu eta nahikoa dela esan du. Agur esango duen arren, bere bidetik jarraituko duen norbait egongo ote den kezka txiki hori dauka oraindik barruan. Hona BARRENi eskaini dion elkarrizketa.

Etxegiñari hartu zion lekukoa Urainek eta ari agindu bezala ahal izan duen artean jarraitu du mendaroarrak bere bertsotarako dohaiak kanporatuz, herritarrak gozaraziz eta behartsuei lagunduz. Etxegiña taldekoak 1925. urtean hasi ziren santa eskean Elgoibarren Kepa Urain, berriz, 1960. urtean irten zen estreinakoz santa eskean eta 1980. urteaz geroztik bera izan da koplari nagusia.

-Koplari hasi zinela bete dituzu 38 urte eta aurten agur esango diozu jardunari. Baina aurrez ere ibiltzen zinen Santa Ageda eskeko taldean, ezta?
1960. urtean gainontzekoekin ateratzen nintzen kantura, soldadutzara joan aurretik. Gure aita zenak, ez dakit zergatik, baina hitzetik hitzera dena errimaz egiten zuen. Nik orduan ez nion garrantzirik ematen, baina gero erreparatzen hasita ohartu nintzen hortaz, ez bainintzen ez ikastolan ezta bertso eskolan ibili.
kepa urain etxegina elgoibar v1-Taldean bertsoak gustuko zenituelako hasi zinen, baina nola hartu zenuen Etxegiñaren lekua?
1972an ezkondu eta Arrasatera joan nintzen. Han bertsolaritza jarraitzen nuen plazarik plaza eta txapelketetan. Aubixan egin zen behin jaialdi bat eta hara joan nintzen. Antxon Haranburu ikastolako irakaslearekin kantatu nuen mezatan, gero bazkaria izan zen eta bazkalostean bertso saioa. Han ari ginela Santi Kortabarriak ez zidan begirik kentzen eta banekien zergatik zen. Etxegiña zaharrarekin hilero egoten nintzen Elgoibarren eta Santa Ageda eskea izaten genuen berbetarako gai. Santi Kortabarria etorri zitzaidan esanez Etxeginak ezin zuela koplari segi eta nik nola esan ezetz? Abenduan German Uriguen Etxegiña bere makilarekin etorri zitzaidan eta negarrez hasi zen, ez penaz, kezkatuta zegoelako bere ordez zeinek jardungo zuen. Esan nuen urte hartakoa beteko nuela, baina beste baten bila hasteko, baina orduan hasi nintzen eta 38 urte joan dira. Germani esan nion jubilatu arte egingo nuela eta 19 urte dira lanetik erretiroa hartu nuela.
-Zer da zuretzat Santa Ageda eskea?
Niretzat bi arrazoi dauzka kopla kantari ibiltzeak. Batetik, 1969an nire anaia zena hil zen eta nire koinata alargun gelditu zen bi alaba biki eta mutiko txiki batekin. Garai hartan Santa Ageda eskean jasotako dirua ez zen Caritasera eramaten, herrian beharrean zegoen norbaiti ematen zitzaion (diru faltan, alargun, gaixo...). Urte hartan nire koinatari eman zioten eta nik nola esan bada ezetz. Bestalde, ni beti izan naiz bertsolaria eta Santa Ageda eskea bertsolaria lotu duen adar bat da.

Agurra, nola ez, kopla kantuan egin du Kepa Urainek: 

Elgoibar eta santa-eskea
nik maite zaitut bihotzez.
Azkeneraino iritsi nahi ta,
heldu da eguna tamalez.
Orain artean, santa-eskean
ibili naiz oso errez.
Itxura ona eduki arren,
sendo ez nago indarrez.
Betidanikan maite dudana,
agur eta gehiago ez.

Kepa Urainek berdintasunaren aldeko aldarrikapena ekarri zuen iaz santa eskeko kopletara, ikus honako bideoan:

kepa urain etxegina elgoibar sanlazaro