Haurrei ipuinak kontatzen ikasteko ikastaroa emango du Pello Añorgak

Barren.eus 2018ko urt. 23a, 13:17

Elgoibarko Gotzon Garate Udal Liburutegiak umeei ipuinak kontatzen ikasteko ikastaroa antolatu du. Pello Añorga ipuin kontalariak eskainiko du eta urtarrilaren 31 baino lehen eman behar da izena.

Ipuinek umeen hezkuntzan daukaten garrantziaz jabetuta, Elgoibarko udal liburutegiak gurasoei zuzendutako ikastaroa antolatu du, Bularretik Mintzora egitasmoaren barruan. Pello Añorga (Oiartzun, 1956), idazle eta ipuin kontalariak irakatsiko die gurasoei ipuinak kontatzeko ingurune egokia nola sortu, eta ipuinak kontatzeko izan behar diren ezagutzen eta baliabideen berri eman.

“Elkar entzuteko gunea etxean sortzen: Liburuak eta Kontutxoak lagun” izena jarri dio Añorgak ikastaroari. Otsailaren 1etik 8ra eskainiko dute, 18:00etatik 20:00etara. Plazak mugatuak direla ohartarazi dute antolatzaileek eta urtarrilaren 31ra arte eman daitekeela izena. Haur Hezkuntzako bigarren mailatik laugarren mailako ikasleen gurasoei zuzendutako ikastaroa da.