59 dantzarik parte hartuko dute Elgoibarko Aurresku eta Soinu Zahar txapelketan

Barren.eus 2015ko api. 14a, 12:56

Aurresku eta Soinu Zahar Txapelketaren kanporaketa jokatuko dute Elgoibarren, datorren asteburuan, apirilaren 18an eta 19an. 59 dantzarik parte hartuko dute, tartean Elgoibarko Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolako bederatzi dantzarik.

Elgoibarko Herriko Antzokian jokatuko da txapelketa. Zapatuan, apirilaren 18an, A saileko (7-11 urte) neska-mutilak lehiatuko dira, 16:00etatik aurrera. Domekan, berriz, B sailekoen (11-15 urte) txanda izango da. Goizez izango da domekako saioa, 11:00etan hasita. Dantzari gazteek taula gainera igo eta hainbat doinu dantzatu beharko dituzte, besteak beste, Punta motz, Uztai txiki zortzikoa, Apargatak, Agurra, Erribera, Upelategi, Desafioa eta Jorrai dantzan zortzikoa. 

• Elgoibarko ordezkariak

2015 04 13 aurreskutasoinuzarelgkartelaElgoibarko ordezkariei dagokionez, Inazio Bereziartua eskolako bederatzi dantzari arituko dira lehian. Zapatuko saioan, Maddi Zabala, Amaia Sasiain eta Oier Galindo igoko dira oholtza gainera. Azken honek, Oier Galindok, bigarren postua eskuratu zuen azkena jokatu den kanporaketan, Oiartzunen.

Domekan, berriz, Amaia Astigarraga, Oihane Agirrebeña, Irati Marcos, Lorena Etxaniz, Gaizka Uranga eta Eneko Gonzalez izango dira Elgoibarko ordezkariak. Naroa Lopez eta Nerea Sasiain ere ari dira txapelketan parte hartzen, baina Elgoibarren ez zaie tokatzen dantza egitea –zozketa bidez erabakitzen da-. Antolatzaileek dei egin diete herritarrei elgoibartarrak animatzera joateko.