Zigilu erakusketa baino gehiago izan da aurtengoa

Barren.eus 2018ko urt. 21a, 12:13

Altzolatarren Dorretxea filatelia elkarteak Mugertza krosaren eta Morkaikoren 75. urteurrenei eskaini die urtero sananatonetan antolatzen duten erakusketa. Seiluez gainera, era askotariko bildumak jarri dituzte ikusgai 21 bildumagilek, horietako hamazortzi emakumeenak. Kolaboratzaileei opariak banatu zizkieten atzo.

Joan den urtarrilaren 13tik gaur arte egon da ikusgai Altzolatarren Dorretxea filatelia elkarteak antolatutako erakusketa, Kultur Etxean. Aurten 21 lagunek aurkeztu dituzte beren bildumak eta gehiengoa emakumezkoak izan dira. Gainera, seiluez gain, intsigniak, fruituen etiketak, liburu markagailuak, edalontzi-azpikoak, egutegiak eta loteria-billeteak ere jarri dituzte ikusgai taldeko kide zen eta orain dela gutxi zendu den Elena Cresporen omenez. Zapatu goizean kolaboratzaileei opariak banatu zizkieten antolatzaileek. 

Euskal Selluzale Elkarteen Baterakundeko (ESEBA) presidente Juan Manuel Cerratok azaldu zuenez, aurtengoa erakusketa berezia izan da "ez bakarrik emakumeek osatutako bildumak eta ikuspuntua izan duelako erakusketak, maila bikainekoak izan direlako baizik; eta, bildumagintzaren etorkizuna nondik nora joan daitekeen erakutsi digulako", esan zuen.
Mugertza krosaren eta Morkaikoren 75. urteurrenei eskainia egon da aurtengo erakusketa eta bata zein besteko ordezkariak ere omendu zituzten. Jose Luis Diezek jaso zuen oroigarria Mintxeta Atletismo Taldearen izenean eta Aitzol Arriolak Morkaikoren izenean.
Altzolatarren Dorretxeko kideek Elgoibarko Udalari ere eskerrak eman zizkioten erakusketa antolatzen lagundu izanagatik, bereziki Kultura eta Euskara Sailen aldetik jaso duten laguntza nabarmendu zuten.

zigilu erakusketa altzolatarren dorretxea elgoibar morkaiko mintxeta

zigilu erakusketa altzolatarren dorretxea elgoibar kultur etxe

zigilu erakusketa altzolatarren dorretxea elgoibar loteria

zigilu erakusketa altzolatarren dorretxea elgoibar beitia