Munduko Argazki Kopako finalera sailkatzeko atarian gelditu da Alex Berasategiren argazkia

Barren.eus 2018ko urt. 16a, 13:26

Munduko Argazki Kopan (World Photographic Cup) parte hartu du Alex Berasategi azpeitiarraren argazki batek. Berasategi duela lau urte hasi zen argazkiak ateratzen eta orain dela bi urte zabaldu zuen estudioa Elgoibarren.

Mundu mailako txapelketa ofiziala da World Photographic Cup (WPC), eta guztira 30 herrialdetako hautagaiek parte hartu dute. Espainiako Argazkilari Profesionalen Federazioaren epaimahaiak hamazortzi hautagairen lanak bidali zituen lehiaketara, tartean sei argazkilari euskaldunen argazkiak. Sei horien artean zegoen Alex Berasategiren lana, bizikleta bati eginiko argazkia, hain zuzen ere. Kontraste handiko argazkiak gustatzen zaizkio, eta horren eredu argia den argazkia da WPC-ra aurkeztutakoa.

Guztira, 500 bat argazkilariren lanak izan dira finalaren atarian, eta horietatik 60 hautatu zituzten atzo gauean; atal bakoitzeko hamar. Horiek denak maiatzaren 5ean Australian jokatuko den finalean izango dira. Berasategiren lana Publizitate arloan lehiatzen ari zen, baina ez dute finalerako aukeratu. Hala eta guztiz, "gustura" dago finalaren atarira iritsi izanarekin. "Maila ikusita, iritsi garen lekura iristea izugarria da, maila handiko argazkilariek hartu baitute parte eta epaimahiak zorrotz epaitzen dute lana", adierazi du. Euskadi Irratiko Faktoria saioan egin zioten elkarrizketa entzun dezakezue hemen.
Elgoibarren duen estudioan, ezkontzak, haurdunaldiak edota umeen erreportaiak lantzen dituzte bereziki. Duela lau urte hasi zen argazkiak ateratzen, baina tarte honetan ordu asko sartu dituela dio, eta irakasle oso onak izan dituela ere bai. Informazio osoagoa eta egiten dituen argazkiak ikusteko: alexberasategi.com

alex berasategi Ni