Altzolatarren Dorretxea filatelia elkarteak Mugertza krosaren eta Morkaikoren 75. urteurrenei eskaini die urtero sananatonetan antolatzen duten erakusketa (iaz C.D Elgoibarren mendeurrena izan zen erakusketako gai nagusia). Zapatuan inauguratuko dute erakusketa, 12:30ean, eta ondoren gaiaren inguruko zigilu-markatzeko berezi bat egongo da.
Aurten 21 lagunek aurkeztuko dituzte beren bildumak eta gehiengoa emakumezkoak dira. Gainera, seiluez gain, intsigniak, fruituen etiketak, liburu markagailuak, edalontzi-azpikoak, egutegiak eta loteria-billeteak ere jarriko dituzte ikusgai taldeko kide zen eta orain dela gutxi zendu den Elena Cresporen omenez.
Erakusketa astegunetan, 18:30etik 20:30era, eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara, eta 18:30etik 20:30era izango da ikusgai Kultur Etxean. Hilaren 20an kolaboratzaileei opariak banatuko badizkiete ere, erakusketa urtarrilaren 21era arte egongo da.