La Leze, Txillarre eta Sagarmiña nagusi Gabon Zahar Ferian, beste behin ere

Barren.eus 2017ko abe. 30a, 17:45

Zaharrak berri Gabon Zahar Feriako lehiaketetan. La Lezeko gaztak, Txillarreko barazkiek eta Sagarmiñako frutek irabazi dituzte Gabon Zahar Feriako sari nagusiak; iazko irabazleek, alegia.

La Lezek (Ilarduia, Araba) aurkeztutako gaztak irabazi du Gabon Zahar feriako ekimenik esanguratsuenetarikoa den 11. Urteko Gazta Lehiaketa. Arabarrek bigarren urtez jarraian irabazi dute txapeldunen artean txapelduna aukeratzen duen gazta lehiaketa prestigiotsua. Izan ere, urtean zehar beste gazta lehiaketaren bat irabazi duten 11 gaztagilek parte hartu dute gaurkoan, tartean Elgoibarko Mausitxak. Epaimahaikideek aurkeztutako gazten maila goraipatu dute, eta irabazlea aukeratzea kosta egin zaiela aitortu dute. Horrenbestekoa izan da zalantza, sari banaketa ere atzeratu egin behar izan dutela, zenbait minutuz, behin betiko erabakia hartu ezinik zebiltzalako. Aurkezle lanetan aritu den Imanol Artolak euren izena aipatu duenean hunkituta jaso dute saria La Leze gaztandegiko Jose Mari Jauregik eta Eli Gorrotxategik. Artolaren galderari erantzunez, "lana" dela txapelketak irabazteko sektretu bakarra azaldu dute. 

• Txillarre eta Sagarmiña, txapelen uzta handituz
Fruta eta Barazki lehiaketetan Elgoibarko Txillarre eta Mutrikuko Sagarmiña izan dira protagonista, beste urte batez. Batak zein besteak lehen sari ugari pilatu dituzte azken urteotan Elgoibarko ferian. Sagarmiñak Fruta alorreko lehen saria (500 euro) lortu du. Sagarmiñak, gainera, saltoki onenaren saria ere jaso du. Igorreko Edurtzeta Atutxak jaso du bigarren saria (400 euro) eta hirugarren eta laugarren sariak Gabiriara joan dira: Beheko Etxe baserriko Antoni Murgiondori eman diote hirugarren saria (300 euro) eta Oñatibi-Txiki baserriko Miren Agirrezabalari laugarren saria (200 euro).
Barazki lehiaketan etxean geratu da, beste behin ere, lehen saria (500 euro). Txillarre baserriko Peio Rubiok jaso du saria. Gernika eta Ordiziako azokekin alderatuta txikiagoa izan arren, Elgoibarko Gabon Zahar Feriak batzen dituen produktuen kalitatea loratu du Rubiok, eta feriak daukan xarma berezia nabarmendu du, feria "koketoa" dela esanez. Markina Xemeingo Xemengain baserriko Alejandro Arrietak jaso du barazkietako bigarren saria (400 euro), Arrietako Iker Villasanak hirugarrena (300 euro) eta Eibarko Loixola baserriko Oier Agirrebeñaren barazkiak saritu dituzte laugarren sariarekin (200 euro).
Nabarmentzekoa da Elgoibarko Ubatxiki baserriko Andres Badiola Arakistainek lortutako errekonozimendua, mendiak ondoen zaindu dituen baserriaren saria (400 euro) eskuratu baitu.

 gabon zahar feria elgoibar la leze gazta tx

gabon zahar feria elgoibar txillarre barazkiak 1saria

gabon zahar feria elgoibar sagarmina frutak 1saria