Goazen antzezlana, Keu Agirretxea & Jon Gurrutxagaren kontzertua eta Sasibilen zarzuelarako sarrerak zapatuan jarriko dituzte salgai

Barren.eus 2017ko abe. 19a, 10:20

Urtarrilean Elgoibarko Herriko Antzokian eskainiko dituzten hiru ikuskizunetarako sarrerak jarriko dituzte salgai zapatuan, abenduaren 23an. Keu Agirretxea eta Jon Gurrutxaga musikarien kontzertua, Goazen 4.0 antzerki musikala eta La Rosa del Azafran zarzuela ikusteko sarrerak, hain zuzen ere.

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, urtarrilean Herriko Antzokian eskainiko dituzten ikuskizun eszenikoetarako sarrerak zapatutik (abenduak 23) aurrera jarriko dituzte salgai, 19:15etik aurrera Herriko Antzokiko lehiatilan eta kutxabank.eus web orrialdean.

Besteak beste, hurrengo ikuskizunak izango dira urtarrilean Herriko Antzokian:

  • Urtarrilaren 19an, 20:30etan: Keu Agirretxea eta Jon Gurrutxaga kontzertua. Norbere diskoetan eta zuzenekoetan bestearen laguntza jasotzeko ohitura izan badute ere, urteetako elkarlanean beste urrats bat eman dute musikari ondarruarrak eta elgoibartarrak. Apirilean “Izanak” deituriko lana argitaratu zuten eta, harrezkero, biran izan dira bikote formatuan Euskal Herrian barrena. Bira horretako amaiera kontzertua izango da Elgoibarkoa. Kontzerturako sarrerak 5 euroan salduko dituzte.
  • Urtarrilarren 21ean, 12:30etan eta 16:30etan: Goazen 4.0 antzerki musikalaren bi saio. Aurrekoa bezala, umorez beteriko antzerki obra musikala da hau ere. Telebistan ikusten diren Basakabi udalekuko istorio eta gorabeherak laburtu eta moldatuko dituen ikuskizuna. Sarrerak: haurrak 3,5 euro eta nagusiak 5 euro.
  • Urtarrilaren 26an, 20:30etan: "La Rosa del Azafrán" zarzuela. La rosa del azafrán zarzuela berreskuratu du Sasibill Elkarte Lirikoak. Gizarte klase ezberdinetako amoranteak dira protagonistak, Sagrario etxekoandrea eta bere menpe lan egiten duen Juan Pedro zoritxarreko nekazaria. Ikuskizun honetarako sarrerak 15 euroan salduko dituzte (8 euro Gazte txartela dutenek)

gurru ta keu elgoibar