'Ikasgaia' obra taularatuko du Taupadak Herriko Antzokian barixakuan

Barren.eus 2017ko abe. 14a, 13:33

Ikasgaia antzezlana taularatuko du Taupadak barixaku gauean, Herriko Antzokian. Irakasle baten iluntasunak eta ikasle gazte baten argitasunak bat egingo dute obran. Jon Olivares izango da irakaslea eta Sara Iriondo ikaslea. Arduradunek jakinarazi dute ikuslearen sentsibilitatea mindu dezakeela obrak.

Ikasgaia obra aspalditik zeukaten kaxoian gordeta Taupadako arduradunek, pertsonaiak interpretatzeko aktore egokirik aurkitzen ez zutelako, Jon Olivares eta Sara Iriondo agertu diren arte. Edurne Lasak eta Jose Mari Larrañagak argi ikusi zuten bi horiek zirela obrako protagonistak. Duela bi urteko Gabonetan irakurri zuten estreinakoz Ikasgaia obraren gidoia Sara Iriondok eta Jon Olivaresek. Gazteleraz zegoen. Izugarri gustatu zitzaien, eta berehala hasi ziren pertsonaiak gorpuzten. Anjel Ugarteburuk euskaratu zuen testua, baina bi urteko epealdi honetan moldaketa asko izan ditu obrak. Hasieran hiru pertsonaia zituen istorioak, baina hainbat arazo eta trabaren ostean, bi aktorerekin interpretatzeko moldatu dute. “Eta egia da orain horrela hartzen diogula zentzua istorioari”, esan dute aktore protagonistek.

taupada ikasgaia kartela elgoibar sara jonUrduri daude biak, baina aldi berean pozik eta ilusioz. Erronka handia da beraientzat: “Lehenengo aldiz egongo gara biok bakarrik taula gainean ordubetez, horrek suposatzen duen guztiarekin”. Gidoia sakona da, obra dramatikoa da, pertsonaiak konplexuak dira eta lan handia egin dute azken bi urteotan. Une zailak ere izan dituzte, eta behin baino gehiagotan pentsatu izan dute ez zela obra gauzatuko, baina gogor egin dute lan eta azkenean barixaku honetan, abenduaren 15ean,estreinatuko dute obra. Edurne Lasak eta Jose Mari Larrañagak konfiantza osoa jarri dute beraiengan, eta hori “ohore” bat dela adierazi dute: “Eurak konfiantza gehiago dute gugan guk geuk baino. Edurne Lasa eta Josemari Larrañagarekin lan egitea pribilejio bat izan da: Gogorra, baina aldi berean oso interesgarria izan da prozesu guztia”.

Ikasgaia obra dramatikoa da, gai sakonekoa eta arduradunen arabera ikuslearen sentsibilitatea mindu dezake. Irakasle eta ikasle baten arteko harreman menperatzailearen karikatura moduko bat egiten du. Irakaslearen etxera joango da ikaslea ikasgaia jasotzera, eta konturatuko da irakaslea oso berezia dela. 50eko hamarkadako irakasle iluna da. Ikaslea ere ez da ohiko ikaslea. Ikaslearen gaztetasunak transmititzen duen argitasunak irakaslearen iluntasunarekin kontrastea egingo du. Ez dakite ikusleak nola hartuko duen istorioa. Umore absurdoarekin jolastuz txiste batzuk ere sartzen dituzte tarteka, baina esan dutenez, ikusleak berdin egin dezake barre edo negar.

22:00etan hasiko da emanaldia.

Lotura duten albisteak: