Josu Iztuetak 'Biziminez' dokumentala aurkeztuko du 'Baguaz' ekimenaren laugarren emanaldian

Barren.eus 2017ko abe. 13a, 11:17

Baguaz! bidaia-esperientziak ekimenaren laugarren emanaldian Biziminez dokumentala aurkeztera etorriko da Josu Iztueta Elgoibarrera, abenduaren 19an.

Biziminez dokumentalak aspaldiko bi lagun elkartzen ditu: Antxon Arza, eta Josu Iztueta. 2015ean AEB-ra egindako bidaia bat kontatzen du, New York-en hasi eta San Franziskon amaituko dena. Furgonetaz egin zuten bidaia; paisaia zoragarriak ikusi eta jende jatorra ezagutuko dute, baina hori bezain garrantzitsua da bizitzari ematen dioten begirada. Bi lagunak kanpoko nahiz barneko paisaiei begira ikusiko ditugu 42 minutuko iraupena duen dokumentalean.
Pablo Dendaluze da dokumentalaren egilea. Baguaz! programa Elgoibarko Izarrak antolatu eta Elgoibarko Udaleko Kultura Sailak finantzatzen du.

  • Eguna: Abenduak 19, martitzena
  • Tokia: Kultur Etxeko hitzaldi gela
  • Ordua: 19:00

Baguaz! bidaia-esperientziak Maialen Astigarraga Alberdiren ideia da, eta helburu nagusia bidaietako esperientziak ezagutzera ematea da. Jende asko dabil munduan zehar era batera edo bestera bidaiatzen, eta horietako batzuk Elgoibarrera ekartzea da antolatzaileon asmoa.

Lehen emanaldian, joan den irailean, Beñat Konde eta Irati Altzibarrek munduan barrena urtebetean eginiko bidaiaren berri eman zuten, eta urrian Lander Egia tolosarrak azaldu zituen Tolosatik Tokiora bizikletaz egin zuen bidaiaren bizipenak. Joan den azaroaren 28an Nora Hadi elgoibartarrak Tanzaniara eginiko bidaiari buruzko azalpenak eman zituen hirugarren saioan.

Egitasmo hau Elgoibarko Izarrak antolatzen du, Udalaren babesarekin.