Extremadurako Ramoninos taldeak bi kontzertu emango ditu Maalan asteburuan

Barren.eus 2017ko abe. 5a, 12:08

Ramoninos musika taldea 8 eta 13 urte bitarteko neska-mutilek osatzen dute. Navalmoral de la Matakoak (Extremadura, Espainia) dira eta rock talde ezagunenen bertsioak joten dituzte, Ramones taldearenak bereziki. Bi kontzertu eskainiko dituzte Maalan, barixakuan eta zapatuan.

Maalako Lagunak Elkarteak antolatu du Ramoninos taldearen kontzertua. Azaldu dutenez, talde honek estimazio handia du Extremaduran, eta handik kanpo ere eskaintzen dituzte kontzertuak, "leku berriak ezagutu, Euskal Herria kasu honetan, eta euren ikasketak finantzatzeko dirua batzeko". Bi emanaldi eskainiko dituzte Elgoibarren, Maalako parkean, barixakuan eta zapatuan. 20:30ean hasiko dira bi saioak, eta doakoak izango dira. 

Rock eta punk talde ezagunenen bertsioak joten dituzte zuzenekoetan: Barricada, La Polla Records, Sex Pistols, The Clash, AC-DC edo Eskorbuto, besteak beste. Bereziki, baina, Ramones taldearen abestiak dira euren kuttunenak, eta hortik datorkie izena ere. Musika jaialditan eta jende askoren aurrean jotzera ohituta daude, beheko bideoetan ikus daitekeen moduan.