Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 'Borobilean' ikuskizunerako sarrerak abenduaren 16tik aurrera salgai

Barren.eus 2017ko abe. 5a, 10:11

Borobilean ikuskizun berria ekarriko dute Elgoibarrera Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ezagunek urtarrilaren 2an. Herriko Antzokian eskainiko dituzten bi saioetarako (16:30 eta 18:30) sarrerak abenduaren 16an jarriko dituzte salgai, eta sarrerak eskuratzeko bi aukera eskainiko dituzte.

Elgoibarko Udalak jakinarazi duenez, pailazoen ikuskizun berrirako sarrerak erosteko bi aukera eskainiko dituzte, egun eta ordu berean zabalduko direnak:

  • Herriko Antzokiko leihatilan (abenduak 16, zapatua, 19:15-21:15)
  • Kutxabanken web orritik, online erosteko aukera (abenduak 16, 19:15etatik aurrera)

Era berean, abenduaren 16tik aurrera, sarrerak leihatilan erosteko aukera ere eskainiko dute, zine emanaldiko egunetan, ordu erdi lehenago, betiere, online saldutako sarrerak agortu ez baldin badira.
Prezioa, helduentzat eta haurrentzat ezberdina izango da. Kuota arrunta: 6 euro haurrak / 8 euro helduak. Gazte Txartela dutenek eta Ludotekako bazkideek prezio berezia izango dute: 4 euro haurrak / 6 euro helduak. Prezio murriztua duten pertsonek baldintzak betetzen dituztela ziurtatu beharko dute. Gazte Txartelaren kasuan, egunean bertan aurkeztu beharko da, eta Ludotekako bazkideen kasuan, antolakuntzak izango duen zerrendan haurraren izen-abizenak azaldu beharko dira. Baldintzak betetzen dituztela ziurtatu ezean, eta Herriko Antzokira sartzeko interesa izanez gero, 5 euroko penalizazioa ordaindu beharko da leihatilan.
• Lau sarrera pertsonako
Erosketa prozesu bakoitzeko (leihatilan, pertsona heldu bakoitzeko), gehienez, lau sarrera erosteko aukera izango da. Eserlekuak zenbakituak izango dira eta ikuskizunera gerturatzen diren pertsona guztiek, haur txikiak barne, sarrera izan beharko dute. Segurtasun neurriak direla eta, ezingo dira haur-kotxeak Herriko Antzokiko sarreran utzi.

Informazio gehiago, Udalaren Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailean.

• Borobilean ikuskizunaren sinopsia
Pailazoek galdera egingo diote euren buruari: Nork agintzen du etxean? Nork eskolan? Eta kalean? Lagunartean?
Borobilean eseriko dira denak, begiak eta bihotzak elkarri begira: Arauak ezarri, ardurak hartu eta banatu, antolatu, nork bere lekua hartu, pozak, minak eta desirak elkarri kontatu, errespetua landu, elkar ulertzen saiatu, erabakiak hartu…
Eman, jaso eta moldatu, bizikidetzaren sokatan funanbulista bihurraraziko gaituzte denok pailazoek.