Elgoibarko Izarrak antolatzen duen Eguberrietako Bertso Jaialdiak estimazio handia izaten du urtero, eta are handiagoa lau urtean behin jokatzen den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia jokatzen den urtean. Horregatik izango da aurten Olaizaga kiroldegian Herriko Antzokian beharrean, ikusle gehiago hartzeko. Aurtengo finala abenduaren 17an jokatuko da Barakaldoko BECen, eta egungo txapeldun Amets Arzallusekin batera ariko dira Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre. Horietako hiruk, Amets Arzalluzek, Maialen Lujanbiok eta Igor Elortzak abestuko dute Elgoibarren, Inuzente Egunean. Ikusteko dagoena txapeldun berriak Elgoibarren abestuko duen da. Edonola ere, txapeldun izandako hiru bertsolari, gutxienez, igoko dira Olaizaga kiroldegian jarriko duten oholtza gainera, Andoni Egaña ere kartelean baitago. Miren Artetxek osatuko du boskotea. Gai-jartzaile lanetan Uxue Alberdi arituko da.
• Sarreren aurre-salmenta
Elgoibarko Izarrako arduradunek jakinarazi dutenez, aurtengo eguberrietako bertso jaialdirako sarreren aurre-salmenta abenduaren 11tik 22ra izango da. Sarrerak Elgoibarko Izarrak Ubitarten duen egoitzan eros daitezke epe horretan, eta, ondoren, sarrerarik geratzen bada, egunean bertan kiroldegian jarriko dituzte salgai. Sarreren prezioa 11 eurokoa da (Elgoibarko Izarrako bazkideek, 10 euro).