Martitzenean, azaroaren 28an, izango da Baguaz! bidaia-esperientziak egitasmoaren hirugarren jardunaldia. Oraingoan, Nora Hadik Tanzaniara eginiko bidaiari buruzko azalpenak emango ditu. Elgoibarko Kultur Etxean izango da hitzaldia, 19:00etatik aurrera.
"Bizitzako etapa bakoitzak zure bertsio berri eta ezberdin bat eskatuko dizu. Ideia hori buruan nuela zapaldu nuen Tanzania: handik alde egindakoan kanpotik berdinak baina barrutik ezberdinak itzuliko nintzelakoan. Gainera, ba al dago alternatiba hoberik lan-boluntarioa eta turismoa uztartuz munduan barrena bidaiatzeko?", esan du Nora Hadik emanaldiaren inguruan.
Baguaz! bidaia-esperientziak Maialen Astigarraga Alberdiren ideia da, eta helburu nagusia bidaietako esperientziak ezagutzera ematea da. Jende asko dabil munduan zehar era batera edo bestera bidaiatzen, eta horietako batzuk Elgoibarrera ekartzea da antolatzaileon asmoa.
Lehen emanaldian, joan den irailean, Beñat Konde eta Irati Altzibarrek munduan barrena urtebetean eginiko bidaiaren berri eman zuten, eta urrian Lander Egia tolosarrak azaldu zituen Tolosatik Tokiora bizikletaz egin zuen bidaiaren bizipenak.
Egitasmo hau Elgoibarko Izarrak antolatzen du, Udalaren babesarekin.