Txomin Mujika: "Dena eman dit bandak, erabat bete nau"

Barren.eus 2017ko aza. 24a, 07:04

Txomin Mujikak (Elgoibar, 1952) iaz iragarri zuen aurtengo Santa Zeziliako kontzertua Udal Musika Bandako zuzendari gisa biziko zuen azkena izango zela, eta ailegatu da eguna. Ia 50 urtean Udal Musika Bandako kide izan ostean, domekan hartuko du erretiroa.

Elgoibarko Udal Musika Bandak domekan (azaroak 26) eskainiko du Santa Zeziliako kontzertu berezia. Berezia musikarien zaindariaren omenezkoa delako eta baita ere, kontzertu hori izango delako bandako zuzendari Txomin Mujika Latxak zuzenduko duen azkena. Goizean, 9:45ean, kalejira egingo dute eta 12:30ean izango da kontzertu nagusia Elgoibarko Herriko Antzokian. Hona joko dituzten piezak: La Lira de Pozuelo (L. Serrano), Quinta Sinfonia & Mambo Nº 5 (R. Vizcaino) eta Obertura Cubana (G. Gershwin).

Txomin Mujikak bonbardinoa, tronboia eta baxua jo izan ditu bandan, eta horrez gain, txistua eta dultzaina ere joten ditu. Aurrerantzean entzule moduan biziko ditu Udal Musika Bandaren kontzertuak, baina azken urteotan egin duen bezala, kontzertuetako obrak aurkezten jarraituko du.

• Zer moduz zaude Udal Musika Bandako zuzendari gisa emango duzun azken kontzertuaren atarian?
Sentsazio desberdinak ditut barruan. Batetik, apur bat penaz nago, baina beste aldetik, gogoz. Ia 50 urte egin ditut Udal Musika Bandan, 27 urte zuzendariorde, eta azken zazpirak zuzendari gisa. Uste dut jakin egin behar dela etapak amaitzen. Gazteei erreleboa eman behar zaie. Tristea da norberak alde egin beharrean, besteek bidali behar izatea. Kontzertu berezia izango da domekakoa, eta seguru emozionatu egingo naizela.

Bandaren kontzertuak zuzentzeaz gain, azken urteetan aurkeztu ere egiten dituzu, eta badakigu herritarrei izugarri gustatzen zaizkiela aurkezpen horiek. Nork egingo ditu aurrerantzean?
Ez zen hori nire asmoa, baina lan horetan neuk jarraituko dut. Nik banda erabat utzi nahi nuen, baina banda barruan askok eskatu zidaten lan horrekin jarraitzeko. Esan nien aurkituko nuela zeregin horretarako nire ordezkoa, baina kalabazak jaso nituen. Nire iniziatibaz hasi nintzen 1983an kontzertuak aurkezten. 34 urte daramatzat horretan, eta jendea ohitu egin da, beraz, ordezkorik aurkitu ez dudanez, neuk jarraitzea erabaki dut. Bandako kideei jakinarazi nienean jarraituko nuela denak txaloka hasi zitzaizkidan. Bandaren kontzertu guztietara joango naizenez, ez zait kostatzen kontzertuak aurkeztea, eta gustura egingo dut. Lan hori egiteko ez daukat entseguetara joan beharrik, eta lasaiago biziko naiz.

Gorka Mujikak beteko du zure lekua. Esku onetan geratzen da musika banda?
Dudarik gabe, oso esku onetan geratzen da. Gorka Mujika punta-puntako musikaria da, mutil langilea, musikari profesionala eta musikaz asko dakiena. Lan bikaina egingo du. Juanma Saez izango da zuzendariordea. Etorkizun oparoa dauka Elgoibarko musika bandak.

txomin mujika elgoibar idal musika banda zuzendaria