Mendaroko Ameikutz musika eskolak eta herriko dantza taldeak Zezili Donea Musikalean jaialdia eskainiko dute gaur, 19:00etatik aurrera, Goñati pilotalekuan. Musika eta dantza uztartuko dituen kontzertua izango da.
Elgoibarren, astelehenean hasi zituzten Inazio Bereziartua eskolan Santa Zeziliaren omenezko ekitaldiak, musika eskolako auditoriumean eskaini zuten kontzertuarekin eta diploma banaketarekin. Musikalean egitasmoaren barruan ekintza gehiago ere antolatu dituzte. Eguenean, hilaren 23an, izango da hurrengoa. Trikitixa, akordeoi eta pandero joleak kalejiran irtengo dira Elgoibarko kaleetan barrena, 19:45etik aurrera. Barixakuan, berriz, Musika Eskolako Txaranga irtengo da kalejiran. Kalegoen plazatik irtengo dira 19:00etan eta Maalako parkeraino joango dira. Jarraian, Musika Eskolako Koroak kontzertua emango du Maalako parkean.
•Elgoibar Ikastolako ikasleen kalejira
Ohitura duten moduan, Santa Zezilia Egunean bertan irtengo dira kalejiran Elgoibar Ikastolako ikasleak. 08:30ean elkartuko dira Kalegoen plazan, eta instrumentuak joz batzuk eta kantuan besteek egingo dute Ikastolara arteko bidea, San Bartolome eta San Frantzisko kaleak gurutzatu eta gero. (iazko kalejira)
•Txomin Mujikaren azken kontzertua
Elgoibarko Udal Musika Bandak domekan (azaroak 26) eskainiko du Santa Zeziliako kontzertu berezia. Berezia musikarien zaindariaren omenezkoa delako eta baita ere, kontzertu hori izango delako bandako zuzendari Txomin Mujika Latxak zuzenduko duen azkena. Goizean, 9:45ean, kalejira egingo dute eta 12:30ean izango da kontzertu nagusia Elgoibarko Herriko Antzokian. Hona joko dituzten piezak: La Lira de Pozuelo (L. Serrano), Quinta Sinfonia & Mambo Nº 5 (R. Vizcaino) eta Obertura Cubana (G. Gershwin).