Herriko hainbat irratizalek GARE elkartea sortu zuten 1992an, euren zaletasunari buruzko esperientziak partekatu eta ordura arte bakoitzak bere aldetik egiten zuena taldean egiteko. 25 urte pasatu dira ordutik. Teknologia berrien garapenaren ondorioz, irratizaleen mundua ere asko aldatu da. Hasieran 27 megahertziotako kanalean emititzen zuten, eta kamioilariekin edo taxi gidariekin kontaktatzen zuten, batez ere. Gaur egun smartphone eta Interneti esker, HF edo VHF bandetara konektatzen dira. Taldeak irratizaleen lehiaketetan parte hartu izan du, eta 24 orduz jarraian emititzen ere jardun izan dute, ahalik eta kontaktu gehien lortzeko. Urte batean 2.428 konexio lortu zituzten 24 orduan. 25. urteurrenaren harira, hilabete osoan zehar, "EH2GRE" indikatibo bereziarekin transmititzen ari dira elkarteko kideak, eta dagoeneko 1.500 kontaktu baino gehiago lortu dituzte mundu osoko irratizaleekin. Europa, Asia, Ozeania eta Ameriketako jendearekin kontaktatu dute, besteak beste.
♦ EGITARAUA
25. urteurrena ospatzeko, irratizaletasunarekin zerikusia duten hainbat ekintza antolatu dituzte astebururako:
AZAROAK 17, BARIXAKUA
- 18:00-20:00 Irrati-emisora eta beste gailuen erakusketa Kultur Etxean. Domekara arte.
AZAROAK 18, ZAPATUA
- 11:00 Ikastaroa: Zure Kodeplug-a programatu. BrandMeister Sarearen erabilera aurreratua (Rafa Martinez EB2DJB-ren eskutik. Bilbo).
- 17:30 Hitzaldia: Irrati digitala irratizaletu analogikoentzat(Iñigo EA2CQ Bastarrikaren eskutik. Gasteiz)
AZAROAK 19, DOMEKA
- 11:00 Hitzaldia (Euskaraz/Gazteleraz): Irratia eta mendia: zaletasunak bateratzen (Iratxe Urizar EA2DNO eta Alberto Diez EA2DCA-ren eskutik. Durango).
- 14:30 Bazkaria, Karakate jatetxean.
* Erakusketa bisitatzen duten 6 eta 17 urte bitarteko ume eta gaztetxoen artean PMR walki pare bi zozketatuko dira (azaroak 19ko Irratia eta Mendia hitzaldian parte hartzen dutenek zozketan aukera bikoitza izango dute).
- Irakurri BARREN aldizkariak GARE irratizale elkarteari 1998. urtean eskaini zion erreportajea (PDF)