Jabier Muguruza kantautoreak Ander Mujika du bidelagun bere azken diskoan

Barren.eus 2017ko aza. 14a, 11:05

Jabier Muguruzak Leiho bat zabalik izeneko diskoa argitaratu berri du. Bakarlari moduan hastapenetatik lagundu dion oinarri akustikoa alde batera laga eta formatu elektrikoan ondu ditu disko berria osatzen duten zortzi abestiak. Horretarako, Ander Mujika elgoibartarra izan du bidelagun. Zuzeneko emanaldietan ere biak arituko dira. Elgoibarren martxoaren 11n eskainiko dute kontzertua, Kultur Etxeko Sotoan.

Jabier Muguruzaren (Irun, 1960) hamabostgarren lana da Leiho bat zabalik (Mara Mara, 2017) eta berak azaldu duenez, oinarri akustikoa alde batera lagatzea erabaki du, eta elementu elektronikoak ardatz hartu ditu. Alde batetik, gitarra elektrikoen soinura jo du, eta horretarako Ander Mujika izan du bidelagun. Mujikak Napoka Iria taldean egindako lanetik ezagutzen zuen Muguruzak, eta horrek eraman zuen haren laguntza bilatzera. "Gitarra elektrikoa nahi nuen, baina ez gitarra elektriko leuna eta goxoa, baizik eta momentu batzuetan gogorra eta lakarra dena", azaldu du Muguruzak. Proiektua Jabierrena dela argi laga nahi izan du musikari elgoibartarrak, "bere konposizioak eta ideiak dira", adierazi du. "Nire parte hartzea izan da kantuak janztea, soinuari buelta bat eman nahi ziolako. Modu horretan aritzea eta orain emaitza esku artean edukitzea plazer bat izan da".
Zuzeneko emanaldiak
Joan den barixakuan eskaini zuten disko berria aurkezteko estreinako kontzertua Donostian. Zuzeneko emanaldietan Muguruza eta Mujika bakarrik egongo dira oholtzan. Zuzenekoak soilak eta intimoak izango direla dio Mujikak.
Abenduaren 10ean, Durangoko Plateruenan izango dira eta urtarrilaren 18an, Bilboko Kafe Antzokian. Otsailean Bartzelonara joango dira eta handik bueltan eskainiko duten hurrengo kontzertua Elgoibarren izango da, martxoaren 11an.

Entzun hemen diskoari izena ematen dion Leiho bat zabalik abestia.

jabier muguruza ander mujika elgoibar