'Koadernoa zuri' antzezlana taularatuko du gaur Hika Teatroak Elgoibarren

Barren.eus 2017ko aza. 10a, 11:21

Hika Teatroa konpainiaren 'Koadernoa Zuri' antzezlana eskainiko dute, gaur iluntzean, Elgoibarko Herriko Antzokian.

Hika Teatroak ‘Koadernoa zuri’ antzezlana estreinatu berri du, Garcia Lorcaren ‘Bernarda Alba’ obra abiapuntu hartuta. 25 urtez elkar ikusi gabe egon eta gero, ama hil ostean elkartuko diren bi ahizpa dira protagonistak. Bi ahizpen elkartzetik sortutakoak izango dira ikusgai antzezlanean. Itziar Ituño, Miren Gojenola eta Agurtzane Intxaurraga dira obrako aktoreak. 20:30ean hasiko da emanaldia Herriko Antzokian.
Hona antzezlanaren laburpena: Begoña eta Arrate ahizpak dira. Ama hil berria dute eta hogei urteren ondoren jaiotetxean egingo dute topo, ustekabean. Begoña Afrikan bizi izan da urte askoz, amarengandik ihesi joan ostean. Arrate, aldiz, etxean geratu zen amaren itzalpean. Lanbidez, famili medikua da eta itxurazko bizimodu zoriontsua. Ezkonduta dago eta bi alaba dauzka. Benetan, ordea, bizimodu bikoitza darama. Hilabeteak dira umetako neska lagun batekin maitasun harreman bat daramana ezkutuan. Inork ezin du halakorik jakin!

Bi ahizpak aurrez aurre elkartzeak elkarri kontuak eskatzeko balioko die. Ezer gutxi dakite amak batengan eta bestearengan utzitako arrastoez. Nahikoa lan izan du bakoitzak bere bizitza eraikitzen. Nahikoa lan bizitzen.

Koadernoa zuri antzezlanaren laburpen-bideoa: