Bizikletak gizarteko hainbat alorrekin duen lotura erakutsiko du ‘Biziki’ egitasmoak

Barren.eus 2017ko aza. 10a, 09:46

Biziki, bizikleta ardatz duen sorkuntza eta ikerketa prozesu parte-hartzailearen emaitza den erakusketa aurkeztuko dute, gaur, Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan.

Unai Villena elgoibartarra, Elgoibarren bizi den Asier Olabarrieta bilbotarra eta Aitor Gomez andoaindarra daude Biziki egitasmoaren atzean. Proiektuaren bidez bizikletak euskara, artea, feminismoa eta mugikortasunarekin duen harremanaz hausnartu dute, gai horietan arituak diren pertsonekin bizikleta-buelta bana eginez Gipuzkoako zenbait tokitan: Donostiako Kalapie Elkarteko hiru kiderekin -Alex, Maite, Gorka- Donostian, Goizane Aizpuruarekin Deban, Leire Ibargurenekin Azpeitian eta Andoni Tolosarekin Hernanin. Ondoren proiektuko obrak sortu zituzten, 20 argazki-testu pare; landutako gaiak eta hainbat gogoeta irudi eta hitzetan bilduz, eta horiek dira argazki-erakusketan erakustiko dituztenak. Elgoibarren izango da erakusketaren estreinaldia. Gaur, hilak 10, bakarrik egongo da lan hori ikusgai Kultur Etxeko sotoan, 19:00etan. Duela urtebete ekin zioten lanari, eta crownfounding bidez finantzatu dute egitasmoa. Hausnarketa prozesuan egindako elkarrizketak eta bizikleta-buelten kronikak, datozein hilabeteotan argitaratuko dituzte http://hiriasko.eus/ webgunean.

∞ Lotura duten albisteak:

biziki elgoibar azala