Eulogio Mancebo elgoibartarraren argazki erakusketa, gaurtik, ikusgai

Barren.eus 2017ko aza. 6a, 13:49

Udaltzaina da Plaentxin Eulogio Mancebo (Elgoibar, 1963), eta bere lanbideak uzten dion denbora librea argazkilaritzak hartzen du, beste zeregin batzuen artean. Gaurtik azaroaren 13ra bitartean Elgoibarko Kultur Etxean egongo dira ikusgai Mancebok ateratako hainbat argazki.

Eulogio Manceboren erakusketan 29 argazki egongo dira ikusgai, hiru gaitan banatuta. Batetik, zuri-beltzeko erretratuak daude. Jende ezagunari ateratakoak dira gehienak, lagunen seme-alabei edo etxekoei, baina badaude ezezagun batzuk ere bai. Bestalde, paisajeak ikusi daitezke. "Paisajeak erretratatzea ere gustatzen zait. Ia urtero joaten naiz familiakoekin Andaluzia aldera, eta Cadiz aldean ateratako argazki batzuk ere jarri ditut", azaldu du argazkilari elgoibartarrak. Azkenik, akuarela digitalean eginiko lan batzuk ere jarriko ditu ikusgai. "Azkenaldian gai honetan murgilduta nabil. Photoshop programak badauka aukera bat argazkiak gainetik marrazteko, pintzelaren teknika erabiliz. Eskuz egiten den teknika da, eta denbora eskatzen du. Argazki bakoitzarekin bi ordu edo gehiago botatzen ditut. Ez dakit merito handia daukan, azken batean argazki baten gainetik margotzen delako, baina niri gustatzen zait lortzen den emaitza".
Eulogiok Mancebok urteak daramatza argazkiak ateratzen, baina joan den irailaen antolatu zuen bere argazkiekin osatutako estreinako argazki erakusketa, Soraluzen. Orain Elgoibarren jarri du erakusketa. Gaurtik azaroaren 13ra bitartean egongo da erakusketa Kultur Etxeko erakusketa gelan. Astelehenetik zapatura egongo za zabalik erakusketa, 18:30etik 20:30era.

eulogio mancebo elgoibar arg erakusketa akuarela