'Perretxikoen lista gorria’ hitzaldia antolatu du Karakate elkarteak eguenerako

Barren.eus 2017ko urr. 24a, 13:37

Karakate elkarteak Perretxikoen lista gorria hitzaldia antolatu du urriaren 26rako, eta ekimen horrekin hasiko dira aurtengo jardunaldi mikologikoak.

Ignacio Mugertza Karakate elkarteko batzordeko kideak eskainiko du hitzaldia Karakate elkartean bertan (San Roke auzoan, Aterpe jatetxearen alboan), 19:00etatik aurrera.

Hitzaldiaz gain, Elgoibarko 42. Jardunaldi Mikologikoetan Aranzadiren klasifikazioa izango da urriaren 28an, zapatuan, 17:30etik aurrera Kultur Etxeko sotoan. Perretxiko erakusketa domekan, hilaren 29an, izango da sotoan bertan. Erakusketaz gainera, umeentzako mikologiaren txokoa, argazki proiekzioa eta perretxikoei buruzko liburu erakusketa ere eskainiko dituzte, besteak beste. Astelehenean eskola umeentzako txanda izango da. Herri Eskolako eta Ikastolako hamahiru taldek parte hartuko dute Karakatekoek eskainiko dituzten bisita gidatuetan, 4eta 14 urte bitarteko 320 ikasle inguruk, alegia.
Azaroaren 5ean irteera mikologikoa egingo dute Morkaikorekin elkarlanean. 9:00etan abiatuko dira Kalegoen plazatik eta Azkue aldera joango dira oinez. Karakatekoek San Rokeko ermita ondoko zelaian eskainiko dituzte gero, 12:00ak inguruan, batutako perretxikoei buruzko azalpenak.