Elgoibarko Gizarteratze Mahaiak antolatu du Munduko Arrozak ekimena, bigarren urtez. Aurtengoan hamalau herrialdetako arroz errezetak dastatzeko aukera izan zen: Errumania, Bolivia, Txina, Bangladesh, Ekuador, Maroko, Argentina, Nigeria, Portugal, Sahara, Senegal, Venezuela, Pakistan eta Euskal Herria.
Zereal eta jaki unibertsala den arroza prestatzeko hamaika modu, beste hainbeste osagai, usain eta kolorek bat egin zuten Maalako parkean. 10:00etan hasi ziren arroza prestatzen eta 12:00etatik aurrera debalde banatu zituzten errazioak. Jendetza batu zen arrozak probatzera eta dena amaitu zen.
• Panelak
Aurten estreinakoz, herriko hiru ikastetxek (Herri Eskolak, Ikastolak eta Institutuak) eta Egur arte tailerrak, ekimenean ordezkatuta egon ziren herrialdeen inguruko informazioa zuten panelen bidez. "Egur eskolako ikasle-irakasleek herrialde desberdinak kokatu dizkigute panel handi batean eta ikastetxeetako ume eta gazteek egindako panelek herri bakoitzaren inguruko informazioa jaso dute, hala nola: hiriburua, biztanle kopurua, hizkuntzei buruzko xehetasunak, kirolik ohikoenak, gastronomia, darabilten dirua… eta nola ez, migrazioren inguruko hainbat datu; besteak beste, migratzeko arrazoi nagusiak eta lurralde horietatik Elgoibarrera etorritako lagun kopurua. Hala, informazioa jaso eta eskaintzeko ikastetxeetan egin duten lanketa hori esker, hainbat herrialderen errealitatea ezagutzeko aukera izan dute", azaldu dute antolatzaileek.
ARGAZKI-BILDUMA: Munduko Arrozak (2017-10-21)