Bideoa: Feminismoa, euskalgintzarako gogoeta-tresna?

Barren.eus 2017ko urr. 9a, 12:28

Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak Mari Luz Esteban antoprologoari egindako zuzeneko elkarrizketarekin hasi zuten urriaren 4an Euskalgintza eta feminismoa eskutik helduta zikloa, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak eta Elgoibarko Udaleko Euskara eta Berdintasun Sailek elkarlanean antolatutako zikloa.

Ane Beitia alkatearen eta Ane Odria Elgoibarko Izarrako bazkidearen aurkezpen banarekin hasi zen urriaren 4ko ekitaldia. Feminismoa, euskalgintzarako gogoeta-tresna? izenburuko solasaldian feminismoaren eta euskalgintzaren arteko sinergia posibleez, bi mugimenduen arteko harremanez eta batak bestearengandik ikas dezaketenaz galdetu zion Uxue Alberdik Mari Luz Estebani ohiko duen zorroztasunez. Angela Davis pentsalari feministak teorizatutako zapalkuntza hirukoitzaz ere aritu ziren, generoa, hizkuntza eta klase soziala gurutzatzen direnean sortzen denaz, eta baita diskurtsoen eraberritzeaz eta etorkizuneko kezka eta erronkez ere.
• Amelia Barquin, urriaren 18an
Urriaren 18an izango da zikloko hurrengo saioa. Amelia Barquin Huheziko irakaslea gonbidatu dute ordurako eta gaia ere jarri diote: Euskara generoaren ikuspuntutik. Kultur Etxeko hitzaldi-gelan izango da hitzaldi hori ere, 19:00etan.

uxue allberdi maripaz esteban elgoibar

uxue allberdi maripaz esteban elgoibar pub