Festa giroko barixakua izan da gaurkoa Elgoibarko kaleetan

Barren.eus 2017ko urr. 6a, 19:37

Errosario kaleko jairik ofizialki ospatu ez bada ere, festa giroa izan da nagusi gaur Elgoibarko kaleetan. Batetik, Errosario inguruko kaleetan kalejiran ibili dira Mauxitxa txarangakoak, erraldoi eta buruhandien laguntzaz; eta, bestetik, Ludoteka Ibiltariak girotu du Maalako parkea.

Errosarioko jaietan kalejiran irteteko ohiturari eutsi nahi izan dio Mauxitxa txarangak, eta jairik ofizialki ospatu ez arren, euren ekimenez irten dira kaleak alaitzera. Eta ez dira bakarrik egon, erraldoi, buruhandi eta zezenzikletak ere irten baitira umeen gozamenerako. Aurrez, 17:00etan, txokolate janean parte hartu dute ume zein helduek Kalebarren plazan. Izan ere, San Lazaro zahar etxeko hainbat egoiliarrek ere parte hartu dute txokolate janean, Elgoibarko Udaleko Kultura sailak gonbidatuta. Hori dela-eta, egoitzako arduradunek eskerrak eman dizkiete Kultura sailekoei, eta baita txokolatea prestatu duen Gabi jatetxeari ere.
Maala aldean, berriz, Ludoteka Ibiltarian parte hartu dute umeek.