Joana Soldevilla nafarrak irabazi zuen Mendaroko kaleko margo lehiaketa

Barren.eus 2017ko ira. 26a, 13:16

Mendaroko XXII. Kaleko Margo Lehiaketa egin zuten zapatuan Mendaroko kaleetan. Helduen mailan 14 margolarik parte hartu zuten eta Vianako Joana Soldevillak jaso zuen lehen saria. 14 urtetik beherakoetan zortzi izan ziren parte hartzaileak, eta Naia Zubiaurre mendaroarrak lortu zuen lehen saria.

Mendaroko herriari dagokion edozer marraztu behar zuten Mendaroko Udalak antolatu zuen XXII. Margo lehiaketako parte hartzaileek, eta hiru ordu izan zituzten margolanak amaitzeko eta epaimahaiari aurkezteko. Aitor Etxeberriak eta Aitor Sarasketak osatutako epaimahaiak Joana Soldevilla Agorreta nafarrak aurkeztutako margolana saritu zuen lehen sariarekin, 600 euro. Soldevillak Bergaran jokatu zen margo lehiaketa irabazi zuen orain gutxi, joan den irailaren 17an, eta arrakastaren bideari eutsi dio Mendaron. Bi akzesit ere banatu zituen epaimahaiak, biak 300 euroko sariarekin. Ermuko Jon Idigoras Mugertzak jaso zuen bata eta Bilboko margolari Jose Manuel Mendezek bigarrena. Aurten ere leku askotariko parte hartzaileak izan dituztela nabarmendu dute antolatzaileek. "Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa, Kantabria eta Asturiasetik etorri zaizkigu parte hartzaileak", azaldu dute.  
Gaztetxoen mailan, Naia Zubiaurrek aurkeztutako lana saritu zuten lehen sariarekin eta Gorane Sanchezek jaso zuen bigarren saria. Biak mendaroarrak.
• Erakusketa
Aukeratutako lanekin erakusketa antolatu du Mendaroko Udalak, urriko lehen hamabostaldian, eta behin erakusketa amaituta, azaroaren 30a arteko epea izango dute parte-hartzaileek euren lanak jasotzeko. Hori bai, irabazlearen lana Udalak hartuko du jabetzan. Lagun Betikoak elkartearen lokal txurian jarriko dituzte ikusgai margolanak, Herriko Enparantzan. Ostiraletan, zapatuetan eta igandetan egongo da zabalik (12:00-14:00 eta 18:00-20:00)

kaleko marrazki lehiaketa mendaro 1

kaleko marrazki lehiaketa mendaro txiki1saria

kaleko margo lehiaketa mendaro 2

kaleko margo lehiaketa mendaro