7,24 nota eman diete irakurleek BARREN astekariari eta 7,56 ‘barren.eus’ atariari

Barren.eus 2017ko ira. 22a, 13:22

Herritarrekin eta herritarrentzat egindako proiektua da BARREN, eta horregatik oso garrantzitsua da guretzat herritarrek BARRENi buruz duten iritzia jasotzea. Horretarako inkesta bat prestatu genuen, eta 122 lagunek erantzun zuten galdetegia, 98 elgoibartarrek, 17 mendaroarrek eta gainerako erantzunak bi herri horietatik kanpoko irakurleek eman zituzten. Eskerrik asko guztioi galdetegia erantzuteko hartu duzuen tarteagatik, BARREN herritarren gustura egokitu ahal izateko ezinbestekoa da-eta guztion iritzia ezagutzea. Erantzun horiek aztertu eta emaitza esanguratsuenak jaso ditugu.

122 lagunek erantzun dute BARRENi buruzko inkesta. Galdetegia erantzun dutenen jatorriari dagokionez, %81,1 elgoibartarrak izan dira, eta %14,8 mendaroarrak; eta adinari dagokionean 36-50 urte bitartekoak izan dira erantzun dutenen gehiengoa (%41). Sexuari dagokionez, berriz, %65,6 emakumezkoak izan dira.
Irakurleek emandako noten batezbestekoa eginda 7,24 nota atera du BARREN astekariak. 25 urte beteko ditu astekariak abenduaren 24an, eta emaitza horri erreparatuta esan dezakegu herritarrek estimu handitan dutela aldizkaria. Irakurleen %73,8k uste dute gainera 25 urte hauetan aldizkariak hobera egin duela, eta %26,2k adierazi dute gehiago gustatzen zitzaiela hasierako urteetako BARREN.

BARREN norena den
Proiektua norena den galdetzerakoan, %63,1ek badaki BARREN Komunikazio proiektua Elgoibarko Izarrarena dela, baina gainerakoek ez dakite norena den. BARREN egiten dugunon kezka nagusienetarikoa banaketa izaten da, izan ere, irakurleengana iristen ez bagara alferrik ari gara. Galdetegiaren arabera, irakurleen %63k astero jasotzen dute BARREN postontzian, eta %27,9k esan dute noizean behin huts egiten duela, baina normalean jasotzen dutela. Era berean, irakurleek BARRENi eskaintzen dioten denborari dagokionean, %54k esan dute atalik gehientsuenak irakurtzen dituztela, eta %36,9k 15 bat minutu eskaintzen diote astero astekariari.

Erretratu zaharra eta Semaforoa dira irakurleen atalik gustukoenak
Aldizkariak atal asko eta diferenteak izan ditu 25 urteotan, baina badira bi atal 25 urteotan mantendu izan direnak, nahiz eta astero-astero ez kaleratu: Erretratu zaharra eta semaforoa. Eta hain justu ere, bi atal horiek izan dira herritarren gustukoenak. Erretratu zaharrak 7,11 nota jaso du eta Semaforoak 7,02koa. Beste muturrean, hau da, jendeari gutxien gustatzen zaizkion atalen artean Zozoak Beleari eta Hitz eta Klik daude.

Publizitatearen kasuan %41,8k esan dute ez diotela kasurik egiten, eta %24,6k esan dute ez zaiela gustatzen, baina ulertzen dutela aldizkaria finantzatzeko beharrezkoa dela. Edukien nolakotasunari buruz galdetzerakoan 6,62 nota jaso du gaurkotasunak, eta 6,01 nota eman diete gaien aniztasunari. Argazkiek, berriz, 6,68 nota jaso dute.

Edukiei lotuta, bestalde, gaien tratamenduak berebiziko garrantzia dauka kazetaritzan. Erabateko objektibotasuna ez dela existitzen diote adituek, baina objektibotasun horretara ahalik eta gehien hurbiltzeko ahalegina egin behar izaten dute medioek. Alde horretatik, irakurleen %75,1ek uste dute BARREN aldizkari plurala dela eta gaiak objektibotasunez tratatzen direla. %24,6k aldiz esan dute lerratua dela. Lerratua dela erantzun dutenen artean, 15 lagunek esan dute ezker aldera lerratuta dagoela, bik uste dute Udalaren aldeko jarrera duela aldizkariak; eta beste sei lagunek ez dute argi zehazten nora lerratzen den astekaria.

• Galdetegia erantzun dutenen %96k ezagutzen dute barren.eus atari digitala
BARREN Komunikazio proiektuak 2003an jarri zuen martxan elgoibarren.net atari digitala, gaur egun barren.eus dena, eta gure galdetegia erantzun dutenen %96k ezagutzen dute. Ezagutzeaz gain, irakurleen %42,6k esan dute sarri sartzen direla webgunera albisteak irakurtzera, eta %43,4k esan dute noizean behin sartzen direla. Erabilera eta estetikari dagokionez, %82,3k uste dute webgune argia eta erabiltzeko erraza dela.

Azkenaldian gero eta gehiago dira webguneetako informazioa sakelako telefonoen bidez jasotzen dutenak, eta guk ere horretarako egokitu genuen gure ataria. Hortaz, erabiltzaileek %62,8k esan dute sakelako telefonoan ere ondo ikusten dela webgunea. Hala ere, argazkiak eta bideoak sakelako telefonoan hobeto ikusteko beharra ere aipatu dute hainbat erabiltzailek.

Sare sozialen erabilerak ere nabarmen egin du gora azkenaldian, eta jende askok euskarri horien bidez jasotzen dituzte berriak. Gure kasuan, erabiltzaileen %42k ohitura dute noizean behin sartzeko albiste berriren bat dagoen edo ez ikustera, eta erabiltzaileen %42,9k Facebooken bidez jasotzen ditu barren.eus atarian publikatzen diren albisteak. Publizitateari dagokionez, %64ri ez zaio webguneko publizitatea gustatzen, eta %19,8k esan dute noizean behin klik egiten dutela publizitatean. Webguneko atalei dagokienean, BARREN PDFan atalak jaso du notarik altuena (7,4), argazki bildumak 7,10; albisteak 6,96; bideoak 6,91, Ahotsak.com-ek 6,5 eta Komunitateak 6,41.

inkesta emaitzak barren gaztak elgoibar atariaren erabilera inkesta emaitzak barren gaztak elgoibar mugikorretik  inkesta emaitzak barren gaztak elgoibar nondik inf