60+ Musikarekin gozatuz izeneko ekimena jarri du martxan Inazio Bereziartua musika eta dantza eskolak 60 urtetik gorakoentzako. Ekimen berri honetan musika beste ikuspuntu batetik landuko dute. Musikarekin jolastuz, sormena eta gorputz espresio fisiko, emozionala, intelektuala eta soziala sustatuko dute. Joan den maiatzean aurkeztu zuten egitasmoa, eta orain arte hogei lagunek eman dute izena. Musika eskolako arduradunek azaldu dutenez, urriaren 2an hasiko dute ikasturtea eta ekainaren 22an amaitu.
• Aurkezpen-bilera martitzenean
Datorren irailaren 19an, martitzena, beste bilera-aurkezpen bat egingo dute musika eskolako auditorioan, 19:00etan. Xehetasun guztiak azalduko dituzte bileran: helburuak, ordutegiak, taldeak, e.a. Era berean, parte hartzeko zalantzan dagoen jendeak, edo orain arte eskaintza honen berri izan ez dutenek, izena emateko aukera berri bat izango dute. "Horiek guztiak aurkezpenera gonbidatu nahi ditugu, egitasmo hau oso positiboa dela uste baitugu pertsonen garapenerako eta osasunerako", azaldu dute musika eskolako arduradunek.
Musikak emozioengan eragiteko ahalmena duela nabarmendu dute, eta onura mentalak, intelektualak, fisikoak zein sozio-emozionalak dakartzan baliabidea dela.
"Erlaxagarria da, antsietatea gutxitzen du, gorputzeko sistema motorea bizkortzen du, memoria pizten du, arreta mantentzen laguntzen du eta sormena bizitzen du", azaldu dute.
∞ Lotura duten albisteak: