Hamaika litera, literatur zale guztien elkargunea

Barren.eus 2017ko ira. 15a, 06:23

Literaturarekiko zaletasunak batu zituen Jasone Osoro eta Unai Villena idazleak, eta ziklo berri bati ekiteko elkartu dira orain. Hamaika litera ekimen berriaren “xaxatzaileak” dira, 1998an Elgoibarko Izarraren ekimenez sortu zen Urruzuno literatur talde hartako kideak biak, eta Elgoibarren “literatura zaletasunarekiko garra piztuta mantentzera” dator haien proposamena.

Udazkenerako, hiru literatur saio antolatu dituzte Euskal Herriko punta-puntako idazleekin, Danobatek emandako diru-laguntza baliatuz, baina nabarmendu dute Hamaika litera ekimena, “guztiz irekia” dela eta denborak eta batzen direnen indar eta gogoak zehaztuko duela zer izango den, baina nahi luketela, jakina, jarraipena izatea.
Hasteko, Harkaitz Cano idazlea eta Arantxa Iturbe idazle eta irratilaria gonbidatu dituzte estreinako ekitaldirako. Asteazkenean (irailak 20)  izango da, 19:00etan, Musika Eskolako auditoriumean. Urruzuno literatur taldeari egin nahi izan diote keinua ekimenari Hamaika litera izena emanda. 1998. urtean jaio zen Urruzuno taldea eta oparoa izan zen haren jarduna, harik eta 2005ean azkena eman zioten arte. Hamaika litera izeneko aldizkaria sortu zuten, Hamaika kontu literetan zuzeneko emankizuna taularatu zuten Toletxen, Urruzunoren begi ezkutua (gerora Urruzunoren luma) atala izan zuten BARRENen, eta urtean behin, literatur astea antolatu zuten Elgoibarren. “Literaturarekiko zaletasunagatik egin genuen, aritzeko gogoz eta beharrez, gerora ulertuz haren guztiaren benetako balioa: irakurtzea/idaztea gogoko genuenontzat babeslekua izan zen talde hura, bestela hain bakartia den jarduera sozializatzeko tokia”, jaso dute Hamaika litera ekimenaren bultzatzaileek. Dozena bat elgoibartarrek osatu zuten taldea: Jasone Osoro, Jon Eugi, Ion Garate, Iñigo Otaño, Mikel Artola, Joseba Esnaola, Amaia Urtzelai, Ainhoa Lendinez, Uxue
Alberdi, Maite Uriarte, Eguzkiñe Aranberri eta Unai Villena.
• Moldean ezberdina, funtsean berdina
Moldean ezberdina izan arren, funtsean orduko helburu bera du Hamaika literak: literatur zaleen elkargune izatea. “Kultur eskaintza oparoa du Elgoibarrek, baina musika edo antzerkia moduko kultur adierazpenekin ez bezala, apenas antolatzen den espreski literaturarekin lotututako ekitaldirik. Hutsune hori  bete nahi dugu”, dio Osorok. Nabarmendu dute Elgoibarrek beti izan duela literatur tradizioa eta interesa, eta horren adierazletzat dituzte Elgoibarrek eman dituen idazle eta literaturzaleak. Eta hoiekin eta herriko elkarteekin elkarlanean egin nahi dute bidea. Urtean literatura eta pentsamenduarekin lotutako hitzaldi, errezitaldi, mahai-inguru edo solasaldiak antolatu nahi dituzte, eta sortzaileen euskarazko lanak eta hausnarketak hurbildu.

∞ Lotura duten albisteak: