Aurten Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak 65.edizioa ospatuko du irailarren 22tik aurrera eta Ongarrik “Zinemaldiak” sorta antolatu du Elgoibarren. Bihar hasiko da eta bertan, iazko zinemaldietako pelikula arrakastatsuenetako bi ikusteko aukera izango da: I am not Madame Bovary eta Clash.
Xiaogang Feng zinemagile txinatarraren I am not Madame Bovary filmak jaso zuen Urrezko Maskorra iaz Donostian. Horrez gain, beste sari nagusietako bat ere lortu zuen, Fan Bingbingentzat izan baitzen Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra.
Film honetan Li Xuelian-ek, senarrarekin bat eginda, dibortzio faltsu baten itxurak egingo ditu, bigarren apartamentu bat lortzeko, baina senarra beste emakume batekin ezkonduko da ustekabean. Epaitegietara joko du orduan Lik periplo luze bati hasiera emanez (bihar, irailak 14, 21:30ean).
• Arabiar Udaberriaren ondorengo kaos egoera
Mohamed Diab zinegilearen Clash film egipziarrak ibilbide oparoa izan du nazioarteko jaialdietan. Cannesen estreinatu zuten eta Seminci-n, Valladolideko Nazioarteko Zinemaldian, zuzendari onenaren saria jaso zuen.
Clash pelikulak poliziaren furgoi batera garamatza eta 2011ko Arabiar Udaberriaren ondorengo kaos egoeran murgilduko gaitu (hilaren 28an, 21:30ean).
Bien bitartean, Donostian Ricardo Darín eta Monica Bellucci aurtengo Donostia sarietako bi, John Malkovich, Glenn Close, Arnold Schwarzenegger, Javier Bardem edo Penelope Cruz aktoreak espero dituzte. Zine zuzendarien artean Hirokazu Koreeda, Carlos Saura edo Michael Winterbottom izango dira aurten. Protagonista hauek aurkezten dituzten lanen artean egon daitezke Ongarrik datorren urterako aukera ditzakeenak.
*Testua: Leire Urkidi