Albaola Itsas Kultur Faktoriak proiektu kolektibo, ireki eta parte hartzaile gisa definitzen du San Juan Baleontzia eta erakunde publikoen laguntzaz gain, pribatuen beharra ere ezinbestekoa dela adierazi dute. Hala, erreplikaren zati bat edo piezak babesteko ekimena jarri zuten abian, galeoiaren eraikuntza prozesuari laguntzeko. Hainbat enpresak pieza handiak babestu dituzte eta horietako bat izan da Elgoibarko Bacalaos Alkorta. San Juan Baleontziaren trinketearen kabia (ikus kokapena beheko irudian) babestu du Albitzurin kokatuta dagoen enpresak, 4.500 euroko ekarpena eginda.
“Masta nagusien buruetan jartzen diren plataforma borobilak dira trinketearen kabiak, masteleroen oinarria sostengatzen dutenak. Masteleroa eusten duten abenkak finkatzen dira bertan. Horrez gain, begiraleen kokalekuak dira eta goiko belen maniobretan laguntzeko leku egokiak ere badira. Gatazka armatuetan arkabuzari onenen guda-kokaleku ere baziren”, azaldu dute Albaolako kideek.
• Bacalaos Alkortaren itsas kulturarekiko lotura
Laguntza ekonomikoa eta babesa emateaz gain, Bacalaos Alkortaren itsas kulturarekiko lotura nabarmendu dute Albaola Itsas Kultur Faktoriako kideek. Euskaldunak XVI.mendean baleetara joateaz gain, bakailaoetara ere joaten zirelako Ipar Atlantikora, San Juan Baleontziaren moduko itsasontzietan. Kasu honetan, Bacalaos Alkorta enpresa bakailao gazitua, ez gazitua eta izoztuaren elaborazio eta banaketaren aitzindaria da. Albaolaren proiektuarekin bat egiteagatik eskertu eta konpromisoa goraipatu nahi izan dute Albaolako kideek, Oarsoaldeako Hitzan jaso dutenez.
XVI. mendean sortu zuten San Juan galeoia Pasaian, baleen ehizarako. Ternuara (Kanada) joan ohi ziren ugaztun horien bila 60 lagun. Bidaia horietako batean, hondoratu egin zen galeoia, Red Bay inguruan, 1565. urtean zehazki. 400 urte geroago, 1978an, baleontzia eta haren azpian geratu zen txalupa aurkitu zituzten. Parc arkeologo talde kanadarrak egin zuen aurkikuntza hura. Ikerlariek eginiko planoetatik abiatu ziren Albaolan San Juan-en erreplika egiten hasteko, eraikuntza planoak osatu arte.
• Angel Ugarteburu Red Bay-n
Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan eta Labradorren laga zuten arrastoari segika joan zen espedizioan parte hartu zuen joan den ekainean. Besteak beste, San Juan galeoia aurkitu zuten inguruak ezagutu zituen Red Bayn; eta, gainera, 1978. urtean baleontzia aurkitu zuen Robert Grenier itsaspeko arkeologo quebectarraren azalpenak, lekuan bertan, jasotzeko zortea izan zuen.
Angel Ugarteburuk Barren.eus-eko Komunitatean duen blogean irakur ditzakezue egin zuen bidaiaren kontakizun eta bizipen guztiak, kapitulutan banatuta.