Gararock musika jaialdiaren bigarren edizioan zazpi taldek hartuko dute parte

Barren.eus 2017ko ira. 6a, 19:02

Irailaren 23an Mendaron egingo den Gararock musika jaialdiaren bigarren edizioan parte hartuko duten zazpi taldeak ezagutzera eman dituzte antolatzaileek, besteak beste, The Lookers, Sonic Trash, Kabbalah edo Jon Gurrutxaga eta Keu Agirretxea.

Mendaroko lagun talde batek Gararock musika jaialdia antolatu zuen iaz Garagartza auzoan. Mendaroko kultur eskaintza aberastu eta, bereziki, musikari bultzada eman nahi izan zioten ekimen honekin. Garai batean Trinipop eta Garagaua antolatzen ziren Mendaron, eta haren ildotik antolatu zuten lehen Gararock jaialdia. Mendaro, Elgoibar eta Bilboko musika taldeek hartu zuten parte iaz lehen Gararock-ean, eta Mendaroko jendea ez ezik, inguruko herrietatik ere joan zen jendea Gararock jaialdira. Antolatzaileek balorazio positiboa egin zuten jaialdiaz eta bigarrena antolatu dute aurten. Irailaren 23an (zapatua) izango da bigarren Gararock-a, eta dagoeneko lotuta dituzte parte hartuko duten taldeak, kartela ere atera baitute. Abuztu hasieran eman zuten ezagutzera.

  • Hona parte hartuko duten taldeak: Ziburutik etorriko da garage punk doinuak joko dituen The Lookers taldea. Sonic Trash taldeak rock doinuak ekarriko ditu Bilbotik, Iruñatik etorriko da Kabbalah taldea. Getxoko Las Morenas taldeak rock abesti ezagunen bertsioak eskainmiko ditu. The Screamin Targets donostiarrek ere eskainiko dute emanaldia. Elgoibartar bat eta ondarruar bat elkarrekin arituko dira, Jon Gurrutxaga eta Keu Agirretxea. Azken hori Mendaroko musika eskolako irakaslea. Gararock jaialdia zabalduko duen emanaldia eskainiko dute. Eta Mendaroko talde batek ere eskainiko du kontzertua, Jo ta ito! taldeak, hain zuzen ere.

 

• Rock tailerra eta Food Truck-a
Musika emanaldiez gainera, beste hainbat ekintza ere antolatuko dituzte antolatzaileek. Txikienentzako rock tailerra izango da horietako bat. Food Truck bat ere egongo dela aurreratu dute, ogitarteko bereziak, edariak, txutxeak eta baita diskoak ere salduko dituena.

17:00etan hasiko da jaialdia Garagartzan, eta debaldekoa izango da.

GARAROCK2017Mendaro kartela