Barixaku honetarako (uztailak 21) antolatu du Haritz Euskal Dantzari Taldeak Nazioarteko Folklore jaialdia, eta estreinakoz, Maalako parkean egingo dute. "Kultura eta dantza plazara ekartzea izan da gure helburua", azaldu dute dantza taldetik. Maalako parkean dagoen eszenatokia egokitu behar izan dute dantzariei eta musikariei lekua egiteko. "Ehun metro koadroko eszenatokia eskatzen dute eta horrelako zerbait lortu dogu eszenatokiaren handitzearekin". Harmaila batzuk ere jarri dituzte eta 100 lagun ingururentzako lekua izango dute. Harmailen aurreko tartean eserlekuak jarriko dituzte. Olaizaga kiroldegian baino eserleku kopuru txikiagoa egongo den arren, jaialdia plazara ateratzeko erabakiak dituen "sakrifizioetako" bat dela uste dute. "Gauza batzutan irabazi egingo du jaialdiak, eta galdu beste batzuetan. Ikusiko dugu nola joaten den eta zer emaitza ematen duten aldaketok", adierazi dute.
• Jose Inazio Sarasua eta Angel Iriondo gogoan
Folklore jaialdian pisu handia izan duten bi lagun omenduko dituzte aurten. Batetik, aurten hil den Jose Inazio Sarasuari eskainiko diote, bera izan zelako jaialdia Elgoibarrera ekarri zuena. 1987. urtean. Jaialdiaren hastapenetan Sarasuak eginiko lana errekonozitzeko berari eskainiko diote aurtengo edizioa. Haritz dantza taldeko kideek esan dutenez, ezinbestekoa izan zen Jose Inazio Sarasuak jaialdi hau sortu eta aurrera ateratzeko egin zuen lana: “Haritz dantzari taldeko zuzendari, txistulari, gidari eta laguntzaile ordezkaezina zendu da aurten eta berari eskaini nahi diogu aurtengo 31. edizioa", idatzi dute. Bestetik, hamahiru urtez jaialdiko aurkezlea izan zen Angel Iriondo ere gogoan izango dute, iazko abuztuan zendu baitzen Iriondo.
Urtero bezala, munduko hainbat dantza mota ikusteko aukera izango da Folklore jaialdian: Indiako Rangsagar eta Txuvaxia estatuko abesbatza eta dantza taldea arituko dira aurten Haritzekin batera. Ikuskizuna 22:30ean hasiko da.
• INDIA - Rang Sagar
India tradizio eta kultura aberatsa duen herrialdea da. Rang Sagar taldea Indiako kultura koloretsuaren ispilua da. Rang Sagar duela 15 bat urte eratu zen Indiako kultura ezagutarazteko helburuarekin. Azken hamar urteetan, taldeak, Indiako bertako hainbat programatan zein nazioarteko folklore dantza eta musika jaialditan parte hartu izan du.
• CHUVASHIA - Estatuko abesbatza eta dantza taldea
Chuvashiako abesbatza eta dantza taldea 1924an sortu zen. Hasiera batean, herri-abestien abesbatza zen, baina geroago dantza tradizionalak gehitu zituzten errepertorioan. Horretarako Alexander Angarov koreografoaren laguntza jaso zuten. Taldearen programa oso anitza da, eta, besteak beste, folkloreko kantudantzak eta herrialdeko jolasak jasotzen dituzte.
• Haritz EDT - Elgoibar
Elgoibarko Folklore jaialdian estreinakoz egingo den dantza batekin hasiko du Haritzek aurtengo emanaldia. 2013. urtean Iruñeko Duguna dantza taldeak soka-dantza berezia moldatu zuen San Blas egunean eta San Joan bezperan dantzatzeko. Nafarroako zenbait soka-dantzatan gertatzen den bezala, sokan hasi eta ingurutxoan bukatzen da dantza. Haritz dantzari taldeko kideei Dugunako zuzendari den Aritz Ibañez-ek erakutsi die soka-dantza.
∞ Lotura duten albisteak:
- Maalako parkean izango da aurtengo Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdia (2017-07-07)
- Jose Inazio Sarasua zendu da (2017-04-11)