Vicente Guinea elgoibartarraren 'Animarbolak' argazki erakusketa, Deban

Barren.eus 2017ko uzt. 18a, 09:42

Vicente Guinea argazkilari elgoibartarrak maite ditu mendia eta natura eta zaletasun horren emaitza da Animarbolak izeneko argazki bilduma. Guineak animalien forma bitxiak bilatzen ditu zuhaitzetan, pagoetan batez ere. Bere lanekin osatutako erakusketa hil bukaerara arte egongo da ikusgai Deban.

Animarbolak bilduma osatzen duten 50 argazkietatik hogei inguru aukeratu ditu Vicente Guineak eta Debako Agirre Jauregiko erakusketa gelan ikusi ahal izango dira argazkiok hil bukaerara bitartean. Eguaztenetik zapatura zabaltzen dute aretoa, 19:00etatik 21:00etara bitartean. Uda sasoian asko dira Debara hondartza eta itsaso bila joaten diren herritarrak. Hona, beraz, Debara hurbiltzeko beste aitzakia bat.
Pago artean barneratu, eta denbora luzez galtzen da bertan Vicente Guinea, argitasunarekin jolastuz, animalien forma bitxiak bilatzeko. Honela azaldu zuen, BARRENi orain urte batzuk eskainitako elkarrizketan: "Argiak ematen die forma, eta argia aldatu ahala, irudiak aldatu egiten dira. Denbora luzez egoten naiz zuhaitzei begira, eta ordu desberdinetan joan izan naiz argazkiak ateratzera. Batzuetan ez dut ezer lortzen, edo nik ikusitakoa besteek ez dute ikusten, baina argazki batzuekin oso gustura geratu naiz. Animarbolak deitu diot bilduma horri, animaliak eta arbolak uztartzen dituelako. Emazteari bururatu zitzaion izena, eta gustatu zitzaidan". Karakaten eta Urbasan ateratako argazkiak dira gehienak.

vicenteguinea anibarboles elgoibar

• Zuhaitz berezien bilduma

Zuhaitzekin zerikusia duen argazki bilduma berri bat sortzeko lanean murgilduta dago Guinea. Oraingoan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dauden zuhaitz berezietan jarri du arreta. 30 inguru ei daude katalogatuta eta horiek batu nahi ditu argazki bilduman. Nafarroan are gehiago ei dira zuhairtz bereziok eta horiekin hasiko da gero.

 

∞ Lotura duten albisteak: