'Memoriaren Ganbaratik' dokumentala emango dute barixakuan aire libreko zinean

Miriam Arrizabalaga 2017ko uzt. 12a, 20:05

36ko gerraren errekreazioaren dokumentala, Memoriaren Ganbaratik, Kalegoen Plazako zine pantaila handian ikusteko aukera izango da barixaku honetan, aire libreko zinean. Zapatuan, berriz, umeentzako Trolls filma eskainiko dute.

36ko gerraren errekreazioa egin zuten iazko irailean Taupadak eta Elgoibar1936 taldeek antolatuta Elgoibarko kaleetan eta herriko beste zenbait kokalekutan. Milizianoen gaua eta tropa faxistak Elgoibarren sartu zirenekoaren errekreazioa egin zituzten, besteak beste, eta egun haietako irudiekin Memoriaren Ganbaratik dokumentala osatu zuten ondoren. Barixaku gauean aire libreko zinean eskainiko dute dokumentala, kalegoen plazan, 22:30etik aurrera. Ordubeteko iraupena du. Emanaldiaren ostean, Jai-alai tabernan DVDak erosteko aukera izango da, 10 euroan.

• Trolls filma zapatuan
Umeentzako eta gaztetxoentzako Trolls filma emango dute zapatuan, uztailaren 16an, aire libreko zinean, 22:30ean. Koloretako ileengatik ezagunak, zoroak eta majikoak: Troll-ak abestien munduko izakirik zoriontsu eta alaienak dira. Baina ostadarrez eta cupcakez beteriko mundua betiko aldatuko da, Poppy liderrak (Anna Kendrik) ezagutzen duen mundu bakarretik aldenduko duen erreskate-misio batera joan behar duelako. 92 minutu irauten ditu filmak.

 * 2017ko Aire Libreko Zinean eskainiko dituzten 10 filmeen sinopsiak (PDF)

 ∞ Lotura duten albisteak: