Udari ongi etorri beroa egin zioten Sallobenten egin zuten Ekigain jaian

Barren.eus 2017ko eka. 22a, 12:25

Iritsi da uda. Atzo, ekainaren 21ean, ospatu genuen udako solstizioa Ipar-hemisferioan, udaberriari agur esan eta udan sartzeko eguna. Eta udagoienari ongietorria emateko, Sallobente-Ermuaranen elkartu ziren Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topaguneak egindako deialdira batu ziren elgoibartarrak, Ekigain jaian parte hartzeko.

Usadioak dio, eguzkiak, bizitzaren jainkoak, goia jotzen duela ekainaren 21ean eta gizakion bizimodua errazagoa egiten duela horrek, eguzkiak ordu gehiagoz argitzen eta berotzen gaituelako. Euskal Herrian aspaldiko garaietatik ospatu izan da udaberritik udarako saltoa, baita kristautasunak udako solstizioa San Joan bataiatzailearen figurarekin lotu eta ekainaren 23an ospatuko zela esan aurretik ere. Eta sua eta ura ziren eta dira gaur ere solstizioetako -eta berdin ekinozioetako
ospakizunetan erabilienak izan diren sinboloak.

Hain zuzen ere, suaren bueltan elkartu ziren dozenaka eta dozenaka lagun atzo, Sallobente-Ermuaranen, dantza egin eta urtean zehar izandako traba, kontu ilun eta gainerako txar guztiak erretzeko eta garai berri bati hasiera emateko. Horixe baita tradizioak esaten duena.

• Izpiritu txarrak uxatzeko erritoak

19:00ak pasatxoan abiatu ziren Maalatik Sallobente-Ermuaranera, eta han maskaren eta lepokoen tailerra egin eta afari-mokaua egin ostean, 22:00ak aldera piztu zuten sua. Magikoa izan zen une hori, ohi legez. Kantua, dantza, zuzeneko musika, ipuinak, eta izpiritu txarrak uxatzeko erritoak egin zituzten suaren argitara, jai giroan, eta urtean zehar gertatu zaizkien txar guztiak eraman eta etor daitekeenetik babesteko suaren gainetik salto ere egin zuten hainbatek.

2017ko Ekigain jaia, argazkietan

 ekigain elgoibar izarra sallobente

 ekigain elgoibar musikaekigain elgoibar izarra kalejira

ekigain elgoibar izarra deabrua

ekigain elgoibar izarra saltoa