Ekigain jaia antolatu du Elgoibarko Izarrak eguaztenerako, udari ongi-etorria egiteko

Barren.eus 2017ko eka. 19a, 10:11

Elgoibarko Izarrak Ekigain jaia antolatu du udari ongi-etorria egiteko, Udaleko Kultura Sailaren babesarekin. Ekainaren 21ean izango da jaia, udako solstizioaren egunean, hain zuzen ere.

Aurreko bi urteetan egin duten moduan, aurten ere Sallobente-Ermuaran auzoan elkartuko dira, eta lagun artean eta jai giroan egingo diote ongi-etorria udari. Sallobentera oinez joateko aukerarik ez dutenentzat, hitzordua 20:00etan izango da Sallobente-Ermuaranen. Afari-merienda norberak eraman behar du etxetik, baina txosna bat jarriko dute arduradunek edariak erosteko. Frontala edo kopeta-argia eramatea ere komeni da, bueltako biderako. Elgoibarko Izarrako kideek elgoibartar guztiak animatu nahi dituzte Ekigain jaira, elkarrekin eta suaren bueltan udari ongi-etorria emateko.
2017ko Ekigain jaioko Egitaraua

  • 19:00: Maalako parkean elkartuko gara, handik Sallobente-Ermuaranera oinez joateko.
  • 20:15: Maskaren eta lepokoen tailerra.
  • 20:45: Afari-merienda.
  • 21:45: Suaren erritua: sua piztu, zuzeneko musika eta ipuinen bat entzun, berba eta izpiritu txarrak sutara bota, dantzan egin...
  • 22:30: Suaren gaineko saltoak.  
  • 23:00: Jaiaren amaiera. Etxerako bidea, oinez.

 ekigain elgoibar sallobente 2016