Steffan Rundquist-ek eta Esther Schoenmakers-ek musika dute ogibide, eta kalea, oholtza. Zazpi urte daramatzate batetik bestera, kalean musika eginez irabazten dutenarekin bizitzen. Bizimodu gogorra dela aitortu dute, baina aldi berean, “aberasgarria oso”. Egunotan, Elgoibarren ibili dira, bazterrik bazter kantuan. Ikusi ditugu herritarrekin hizketan, beti irribarretsu, beti umoreko. “Oso eskuzabalak izaten ari dira gurekin elgoibartarrak”. Arrastoa laga dute San Frantzisko kalean, bertako dendarien arabera. “Egun osoa emango nuke hauei entzuten”, aitortu du Kontxi Egurenek, Kontxi jantzi-dendako nagusiak. Alderrai dabiltza Gipuzkoan, batetik bestera gurditxoari tiraka, baina askok jakingo ez duten arren, ospea ezagututakoak dira, urte asko ez dela.
• Kantu propioak eta bertsioak
Kalean, bertsioak jotzen dituzte gehienbat, eskean ateratzen dutenetik bizi direlako eta ezinbestekoa zaielako jendea erakartzea, baina badituzte kantu propioak eta ezagutu dituzte jendea erruz hurbitzen zitzaien garaiak ere, Steffanek bai behintzat. Izan ere, 90eko hamarkadan sona handia hartu zuen Undrop musika taldeko abeslari izandakoa da Steffan –Tomas anaiak eta Antonio Crespo baxu-joleak osatzen zuten taldea—, eta 1994an, kontzertua ere eman zuten Elgoibarren, Malape tabernan. Train izenburuko abestiarekin kantu arrakastatsuenen zerrendan goia jo zuen Undrop taldeak 1998ko udan, baina kalean sekula ez dute jotzen.
• Ospea gozatu eta sufritutakoa
Ospea gozatu eta “sufritutakoa” da Steffan Rundquist, eta oraindik bizimodu hark sortutako zorrak kitatzen ari dela dio. “Kapitalistekin jolasean ibili ginen, finantza kontuez ezer jakin gabe. Famatu izan nahi genuen, musikaz bizi ahal izateko ospea izatea ezinbestekoa ikusten genuelako, eta ekonomia ikasten ere hasi nintzen aberatsa egiteko gosez, baina ez ginen oso kontziente norekin ari ginen. Eta famatu izatea ez da txarra, jolas-arauak legezkoak badira: hau da, lurra eta inguruko besteak esplotatu ezean. Sistema kapitalista ustelduta dago, baina. Enpresa handiak eta finantza erakundeak besteen kontura bizi nahi duten parasitoak dira, eta talentudun artistak, txotxongiloak, haien eskuetan. Bizitzan balio handiena duena kentzen digute, denbora, eta gu geu ari gara guretzat kaltea besterik ez dakarren sistema elikatzen”, dio Steffanek. Eta amaitu nahi du hori. Edo gutxienez, urrundu “kalapita” horretatik. Ariketa horretan dihardu azkeneko urteetan. Zintzoa izan nahi du bere buruarekin, sentitu, pentsatu eta egiten duenaren artean koherente izan; “ahalik eta kohereteen, ez baita beti erraza".
“Ospea besteen begietan bilatzen dugu beti, baina ez gara jabetzen besteen begietan handi ikusteko sarri geure buruarekin jokatzen dugula desleial”, gaineratu du Estherrek. Maitasuna eta politika gaien ingurukoak dira euren letrak, baina saiatzen dira “etsenpluaren bidez predikatzen, eta ez moral bikoitzarekin jokatzen”. Kantu bat sortzen dutenean hamabost urteko epean esaten duten horri eusteko gai diren pentsatzen dute beti, jendeaurrean kantatu aurretik. Hori da ariketa. “Bizitza-filosofia” duten horrek egin ditu musikari alderrai. Bikotea dira, musikan eta bestela ere bai. Besteak beste, Kataluniako La Fera Ferotge taldean ibilitakoa da Esther, eta elkarrekin, Bluemor Blaze proiektua sortu zuten gerora, Katalunian elkar ezagutu ostean. “Cash converter batera jo eta ordu t’erdian dena saldu nuen, eta Euskal Herrirako autobusa hartu genuen gero”, oroitu du Steffanek.