Ehun Kilo musika taldea bueltan da, hogei urteren ostean

Barren.eus 2017ko eka. 15a, 13:56

Euskal heavyaren sorreran zeresan handia eduki zuen Ehun Kilo talde elgoibartarrak, Su Ta Gar eibartarrekin batera. 1997ko urrian desegin zuten taldea, Elgoibarko gaztetxean azken kontzertua eman ostean. Hogei urteren ostean, taldearen kantu ezagunenez gozatzeko aukera egongo da berriz ere. Domekan kontzertua emango dute Mutrikun eta uztailean Hatortxu Rock jaialdian joko dute.

Ehun Kilo taldeko abeslari Jon Zabalak azaldu duenez itzulera "puntuala" izango da Ehun Kilo taldearena. Hatortxu Rock jaialdiak 20. edizioa izango du aurtengoa eta antolatzailek jaialdian jotzeko eskatu zieten. "Guk jotzeari laga genion urtean hasi ziren Hatortxu Rock jaialdia antolatzen, eta gure musikaren zalea den antolatzailetako batek sasoi hartan gure atzetik ibili zirela aitortu zigun, euren zerrendetan egon zela Ehun Kilo". Hala, arantza hori kentzeko edo, hogeigarren urteurrena ospatuko duten jaialdian parte hartzera gonbidatu dute Elgoibarko taldea.
Uztailaren 27tik 30era egingo dute jaialdia Lakuntzan. Itzulerak dira kartelaren albiste nagusia. Jaialdik berriz batu ditu Kerobia, Ekon, Bizardunak edo Des-Kontrol. Ehun Kilok moduan, utzita zuten oholtza guztiek, baina batu egingo ditu berriz Hatortxu Rock euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko musika jaialdiak bere 20. edizioan.

ehun kilo elgoibar entsegua poseanEhun Kilo 1991an jaio Elgoibarren, eta bi disko argitaratu zituzten: Euli artean (Oihuka, 1994) eta Esaiek… (Oihuka, 1995). Rock gogorra beren izaera propioarekin jorratzen saiatu ziren. Taldekideak 1997ko urrian banandu ziren, Elgoibarko gaztetxean azken kontzertua eman ostean. (taldearen biografia badok.eus-en).
Jon Zabalaren berbetan taldekide guztiek "erabat lagata" zuten musika, Jon Iturrino gitarra joleak izan ezik. Hori dela-eta, Hatortxun jotzeko gonbidapena onartu ostean, joan den abenduan itzuli ziren entseguetara, "hasieran lasaiago eta indartsuago Aste Santutik hona". Lakuntzan uztailaren 28an eskainiko duten kontzertua ordubete ingurukoa izango dela aurreratu du Zabalak eta dozena bat abesti joko dituztela. Kontzertu horretarako prestaketa modura, domeka honetan (ekainak 18) kontzertua eskainiko dute Mutrikuko gaztetxean, 20:00etan. Sarrera 3 eurokoa izango da, eta ateak 19:00etan zabalduko dituzte. Berriro oholtza gainera igotzeko "beldur eszeniko" pixka bat badutela aitortu du Zabalak.

Bideoa: Ehun Kilok 1997ko urriaren 11n eman zuen azken kontzertua, Elgoibarko gaztetxean: