Vicente Franco: “Gustatuko litzaidake elgoibartarrek nire bideoklipean parte hartzea”

Barren.eus 2017ko eka. 8a, 15:08

Vicente Franco Anguloren atzean Pepeflow593 musikaria dago. Ekuadorren jaio zen duela 35 urte, eta 2010ean iritsi zen Elgoibarrera. Musikaria da, eta musikatik bizi nahi du. Bideoklip bat grabatu nahi du Elgoibarren ekainaren 16an, eta herritarrei dei egin die grabazioan parte hartzera.

Vicente Franco Pepeflow593 musikariak “norbait” izan nahi du musikan, eta gogor dihardu lanean horretarako. Musika urbanoa egiten du. "Reggeaton bezala ezagutzen du jendeak, baina merengue-mambo estiloa da nirea. Hamar bat abesti dauzkat nireak, baina ezagutzera eman nauena Cambio de tiempo abestia izan da". Berak sortzen ditu bere kantak eta ahotsa ere jartzen die abestiei.

• Bideoklipa Elgoibarren
Kontzertuak ere eskaintzen ditu tarteka, eta orain bideoklip bat grabatu nahi du, Elgoibarren. Herriko hainbat gune erabiliko ditu irudiak hartzeko, baina Kalegoen plaza izango da eszenatoki nagusia. Ekainaren 16an grabatuko dute bideoa, 18:00etatik aurrera, eta herritarrei dei egin die grabazioan parte hartzera. "Ekuadorren jaio nintzen arren, orain Elgoibarkoa naiz. Nire seme-alabak hemen jaio dira, Herri Eskolara joaten dira, eta gu hemengoak gara. Nire aurpegia erakutsi nahi dut, benetan nor naizen azaltzeko. Bideoklip horrek lagunduko dit nire burua aurkezten. Belaustegin hartuko ditut irudi batzuk, parrokiako arkupeetan beste batzuk, eta gainerakoa, Kalegoen plazan. Gauean Gabaz aretoan ere grabatuko dugu, eta han ere hartu dezake parte jendeak".

Honakoa ez da, baina, Elgoibarren grabatzen duen estreinako bideoklipa. Eibarren bizi den L&P Records musikariarekin batera grabatu zituen, esaterako, Ladies Bonita abestiaren bideoplipa Urazandin; eta, Apne hai shareeq bideoklipa, Bolatokiko parkean. (bideo gehiago Pepeflow593k Youtuben duen kanalean)
Reggeaton musikak zeresana eman du, emakumea azpiratzen duela-eta, eta gai hori ere hizpide izan du Vicente Francok BARREN aldizkariari eskaini dion elkarrizketan.

pepeflow elgoibar musikaria ecuador

pepeflow lagunagaz elgoibar musikaria