C.D. Elgoibarren mendeurrenaren harira sortutako martxa joko dute nagusien danborradan

Barren.eus 2017ko eka. 7a, 08:59

Atabal elkarteak jakinarazi duenez, C.D. Elgoibarren mendeurrena izango da danborradaren gaia aurten. Nagusien danborradaren inguruko beste hainbat kontu ere ezagutarazi dituzte.

Atabal taldeko zuzendaritza berriak iaz hartu zuen danborradaren ardura, eta, besteak beste, danborrada berriz gauera ekartzea erabaki dute (iaz 19:00etan hasi zen). Aurten, 23:00etan hasiko dira danbor hotsak, Kalegoen plazan.
Baina danborrada giroa goizean goizetik bizitzea nahi dute antolatzaileek. Horretarako danborradaren zapiak saldu dituzte urtean zehar, eta herritarrei dei egin diete zapia lepoan jantzita irteteko kalera, San Bartolome jaietan egiten den bezala.
• Free Style erakustaldia
C.D. Elgoibarren mendeurrena izango da danborradaren gaia, eta karroza futboleko motiboz apainduta egongo da. Futbolari lotuta, bestalde, Free Style erakustaldia antolatu dute. Kalebarren plazan izango da, 11:30etik 13:30era, eta nahi duten guztiek baloiarekin duten abilezia erakusteko aukera izango dute.
C.D Elgoibarren Martxa, Realaren ereserkia eta omenaldiak
Urtero legez, Udal Musika Bandak hartuko du parte danborradan, eta berrikuntza modura, Txomin Mujikak C.D. Elgoibarren mendeurrenaren harira sortutako martxa joko dute. Horrez gain, omenaldi berezia eskainiko diete, iaz hil zen Mikel De Pablori eta aurten zendu den Fran Salazarri. De Pablok barrila jotzen zuen danborradan. Futbolzale eta Realzalea zen De Pablo. Hori dela-eta, Realaren ereserkia joko dute aurten danborradan, bere omenez.

Erraldoiak eta buruhandiak, kolore txuri-gorriekin
Danborradak herriko kaleetan barrena egingo duen kalejiran parte hartuko dute bi erraldoik eta lau buruhandik, eta C.D. Elgoibarren arropa eramango dute soinean: lehen kamiseta erraldoi batek eta bigarrena besteak. Buruhandiek, berriz, mendeurreneko kamisetak jantziko dituzte. Paqui Ferrerok egin ditu erraldoientzako jantziak.

Zozketako sarituak

Atabal elkarteak, bestalde, ezagutzera eman ditu Sagardo Egunean zozketatu zituzten bi lagunentzako bazkari eta afarien zenbaki sarituak: 1723 eta 1627. Irabazleak Eizagirre okindegitik pasa daitezke saria jasotzera.

Lotura duten albisteak:

danborrada elgoibar 2016 plazan

danborrada trinitateak elgoibar 2016 1