Eskularru beltzak gazteentzako bilduma berriak lau liburukitan barrena sei pertsonaia nagusi izango dituela aurreratu du Jasone Osoro kazetari eta idazle elgoibartarrak. Lehen liburukiak bildumaren izenburu bera darama eta joan den barixakuan argitaratu zuten. Urtean bi liburuki plazaratzeko konpromisoa hartu du egileak. Udazkenean argitaratuko du Elkarrek bigarrena, “Casting-a” izenekoa.
Institutu bateko ikasleak dira protagonista. Beraien arteko harremanak, abenturak, maitasuna, jelosia bezalako gaiak agertuko dira liburuotan, baina baita beste hainbat gai ere, hain agerikoak izaten ez direnak: barne-segurtasun eza, gazteen ahuleziak eta kemenak, bullinga, harrera etxeak...
• Boxeoa, bizitzaren metafora
Ezekiel-en eta Jara-n ez bezala, oraingoan mezu bat helarazi nahi zuela azaldu du Elkar aldizkarian egin dioten elkarrizketan (aldizkariko azala ere eskaini diote Osorori). "Hasiera-hasieratik bilduma gisa abiatu denez, istorioaz gainera beste heldulekurik ere behar nuela iruditzen zitzaidan, gaztaroari lotutako zerbait-edo. Gogora etorri zitzaidan gaztetan askotan izaten dela beldurra, edo ahul sentitzen zarela, tokiz kanpo, zeure lekua egin beharrean, eta talde bateko kide sentitu nahirik, batzuetan ez zaituztela onartzen, eta beste batzuetan berriz, zeu zarela zeure burua ondo kokatuta ikusten ez duena. Bullinga, harrera etxeetan bizi den gaztea, badago hitz-totela den neska bat… Gai horiei heldu nahi nien, modu entretenigarrian, eta horri zelofana jarriko zionaren bila nenbilela, bat-batean boxeoa etorri zitzaidan burura", dio Osorok. Sekula boxeozalea izan ez arren, bizitza ring moduko bat dela uste du. "Boxeoa ez da kolpeak ematea, hori ere baden arren; kolpeak jasotzean zutitzea eta jarraitzea da boxeoa. Zentzu horretan, oso metafora interesgarria iruditu zitzaidan. Bestalde, oso gutxitan aipatzen den kirola da. Beharbada polemikoa izan liteke batzuentzat".
• Aurrerapena sarean
Joseba Larratxe "Josevisky" ilustratzaileak egin ditu Eskularru Beltzak liburuko ilustrazioak. Elkarrek sarean jarri du liburuaren aurrerapena, kapitulu osoa irakurri daiteke postdata.elkar.eus webgunean.