23:00etan hasiko dira emanaldiak. Quaoar Bilbokoak dira, eta etiketa asko jarri izan dizkiete, baina eurek garbi dute: rock estiloa da eurena, mugarik gabeko rock-a. Bost lagunek osatzen dute taldea: Josu Palacios eta Hugo Landaluze (gitarrak), Björn Mendizabal (bateria), Iñigo L. Agudo (ahotsa eta gitarra akustikoa) eta Aitor Zorriketa (baxua). 2007an argitaratu zuten euren lehen lana: Man´t. Estimazio handia eta kritika onak izan zituen lehen lan hark eta 2009an berriro atera behar izan zuten. 2011ko martxoan atera zuten bigarren lana: The River & The Soul. Disko esanguratsuen zerrendan puntaren puntan egon zen urte horretan eta taldeari berari ere beste izen bat eman zion. Hain izan zuen arrakasta handia lan hark, 2013an berriro atera zuela Madrilgo Noma Records disketxeak, eta Bilboko Pop/Rock nazioarteko lehiaketa entzutetsua eta Barakaldoko eta Leioako Pop/Rock jaialdiak irabazi zituztela. Zuzenekoetan ere igarri zen ospea. Atzerrira ere irten ziren, eta Black Crowes, Smashing Pumpkins eta The Sword moduko taldeen aurretik ere jo izan zuten, besteak beste Gasteizko Azkena Rock Jaialdian, eta baita Cynic, Letz Zep, Klimt 1918 eta Hamletekin ere. Behetik gora etorri den taldea da, Bilborock aretoan jo duten bost aldietan aretoa bete egin duten taldea. 2015ean argitaratu zuten euren hirugarren lana: Dreamers. Dreaming.
• Adrift taldea Madrildik
Madrildik dator Adrift taldea. Sludge edo doom erritmoak jorratzen dituzte, rock progresiboari eta esperimentalari bizkarrik eman gabe. Lau lagunek osatzen dute taldea: Jaime (bateria), Macon (gitarra), Jorge (ahotsa eta gitarra) eta Dani (baxua) eta Adrift abizena hartzen dute guztiek, taldearen aurkezpenetan. Estilo ezberdinetako talde ezberdinetan ibilitakoak dira guztiak, bakarka nahiz binaka: El Paramon, Codo, Aathma... Talde ezberdinen eragina izan dute hortaz, eta honako hauek aipatzen dituzte eurek, besteak beste: Neurosis, Isis, Kyuss, The Melvins, Black Sabbath, Sonic Youth eta King Crimson. Adrift izen handia lortu duen taldea da, eta horren erakusle da Europan bi bira ere eginak dituztela dagoeneko. Resurrection Fest, Costa de Fuego, Sant Feliu eta Bracara Extreme Fest jaialdi entzutetsuetan parte hartu dute, eta izen handiko beste talde batzuekin partekatu izan dute oholtza, besteak beste Entombed, Wolves in the Throne Room edota Yob taldeekin. Bost lan kaleratu dituzte, baina kritikoek diote zuzenekoetan asko irabazten duen taldea dela. Black heart bleeds black da euren azken lana. 2012an kaleratu zuten, Alone Records disketxearekin, eta horrek berak nazioartean bidea zabaldu diela uste dute taldekideek. www.facebook.com/adrift.