Danborradaren aldeko Elgoibarko Sagardo Eguna egingo dute barixakuan

Barren.eus 2017ko mai. 23a, 14:06

Trinitateetako nagusien danborrada antolatzen duen Atabal elkarteak Elgoibarko Sagardo Eguna antolatu du estrainekoz, barixaku honetarako. Danborrada finantzatzeko diru apur bat lortzea nahi dute eta zazpi sagardotegitako sagardoa eskainiko dute Maalan.

Elgoibarko Sagardo Eguna Udal agintariek inauguratuko dute barixakuan, hilaren 26an, 18:45ean, Maalako parkean. Herritarrek, berriz, 19:00etatik aurrera sagardoa eta pintxoak dastatzeko aukera izango dute, 22:00ak aldera arte.
Eusko Label ziurtagiria duten sagarrekin egindako sagardoa eta Eusko Labeldun okelarekin parrillan egindako pintxoak eskainiko dituzte. Guztira zazpi sagardotegitako sagardoa dastatzeko aukera izango da: Iparragirre, Oiharte, Bereziartua, Petritegi, Caloniar, Aburuza eta Astarbe.
Parrillan egindako pintxoak bost izango dira: Sahieskia, oilaskoa, hanburgesa, txorizoa eta hirugiharra.

• Tiketak zazpi euroan
Tiketak zazpi euroan salduko dituzte, eta horren barruan edalontzia emango dute Danborradako grabatuarekin, eta zazpi sagardo eta pintxo bat dastatzeko aukera. Pintxoak bakarka ere salduko dituzte, bi euroan.
Danborradaren aldeko zapiak ere jarriko dituzte salgai Sagardo Egunean, Trinitateetan jendea zapia jantzita irteteko ohitura sustatu nahi baitu Atabal elkarteak.

Elgoibarko eta inguruko herrietako dozena bat trikitilarik girotuko dute Elgoibarko Sagardo Eguna.

Lotura duten albisteak:

sagardo eguna elgoibar kartela