Elgoibarko Udalak finantzatzen duen proiektu hau Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen gidaritzapean burutzen da. Helburua euskarazko ahozko komunikazioa bertsoaren bidez lantzea da. Ikasturte honetan Herri Eskolako 4. eta 5. mailako ikasleek eta Elgoibar Ikastolako 5. eta 6. mailakoek jardun dute egitasmo horren baitan.
Aurtengoa proiektu honen hamabigarren edizioa izan da, eta bertan parte hartu duten 251 ikasleek, astean, ordubete eskaini diote ahozkotasuna lantzeari, horretarako bitarteko tresna bertsoa izan dutelarik. Saioen gidariak Iñaki Gurrutxaga eta Jokin Labayen bertsolariak izan dira.
Elgoibarko Udalaren Euskara Sailak gonbite berezia egin nahi die proiektu honetan parte hartu duten ikasleen gurasoei, euren seme-alabek ikasturtean landutakoaren emaitza ikustera joan daitezen.
Jaialdiak Elgoibarko Herriko Antzokian izango dira eguazten honetan, 17:30ean eta 19:00etan, eta sarrera doakoa izango da bi kasuetan.