Aurresku eta soinu zahar doinuek hartu dute Herriko Antzokia asteburuan

Barren.eus 2017ko api. 3a, 13:23

Elgoibarko Aurresku eta Soinu Zahar txapelketa jokatu zuten zapatuan eta domekan Herriko Antzokian. Euskal Herri osotik etorritako 58 dantzarik parte hartu zuten lehiaketan, tartean Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolako hamabi ikaslek.

Zapatuan A saileko (11-15 urte) dantzariak igo ziren Herriko Antzokiko oholtza gainera. Irune Arriola, Nahia Urbiola, Eneko Etxaniz eta Jon Etxeberria izan ziren herritarren aurrean dantza egin zuten ikasleak.
Domeka goizean, berriz, B sailekoen (11-15 urte) txanda izan zen. Amaia Sasiain, Maddi Zabala, Jone Gil, Irati Marcos, Oihane Agirrebeña, Aimar Almortza, Markel Goenaga eta Gaizka Uranga izan ziren Elgoibarko ordezkariak. Giztiak "maila onean" aritu zirela azaldu dute Inazio Bereziartuako arduradunek.
Aurten ere Euskal Herriko hainbat herritatik etorri ziren dantzariak Elgoibarko txapelketan parte hartzera: Oiartzun, Donostia, Lezo, Legazpi, Etxarri, Ibarra, Pasai Donibane, Azkoitia, Errenteria, Amasa-Villabona, Zizurkil, Aduna, Lizartza, Alkiza, Asteasu, Ziordia eta Alegi.
Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatzen duen ligaxkako hurrengo jardunaldia Lezon izango da, zapatuan, apirilaren 29an. Elgoibarko bost dantzarik parte hartuko dute: Nahia Urbiola, Irune Arriola, Jone Gil, Irati Marcos eta Oihane Agirrebeña.

Lotura duten albisteak:

 

Elgoibar XVI Aurresku Soinu zahar txapelketa

aurresku soinu zahar elgoibar amaia sasiain aitor zabala