1937an frankistek euren herrietatik bortxaz bota zituzten emakumeak omendu ditu Foru Aldundiak

Barren.eus 2017ko api. 1a, 14:25

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, erakunde aitortza eta bere miresmena eskaini die frankistek 1937an euren herrietatik bortxaz bota zituzten gipuzkoarrei, gehienak emakumeak eta haurrak. Gipuzkoan 750 lagun inguru izan ziren kanporatuak, 13 izan zirelarik herri kaltetuak, tartean Elgoibar eta Mendaro. Hain zuzen ere, Gipuzkoatik egotzi zituzten emakume eta ume horien ibilerak agertzen dituen Ama, nora goaz? filma estreinatuko dute, apirilaren 2an, Donostiako Giza Eskubideen 15. Zinemaldian.

Emakumeek oroimen historikoan merezi duten eta izan behar duten presentzia aldarrikatu zuen Marken Olanok, duela 80 urte frankistek Gipuzkoatik egotzi zituzten ehunka emakume eta haurri erakunde aitortza egiteko Foru Jauregian egin zuten omenaldi ekitaldian, joan den eguaztenean
“Ezinbestekoa da kolektibo hau bigarren planotik atera eta gehiago ikusaraztea. Emakumeen ahotsa ozen entzunarazi behar dugu oroimen kolektiboan, ezingo dugu memoria osoa izan bestela”, azaldu zuen. Adierazpen horiek, 1937an kanporaketak jasan zituzten 38 emakume aurrean zituela egin zituen. “Zergatik izan ziren jazarriak, errepresaliatuak eta erbestera behartuak? Bada, beraien senitarteko hurbilek askatasuna, zilegitasun demokratikoa edota giza eskubideak bezalako balioekin adierazitako konpromisoagatik”, gogoratu zuen diputatu nagusiak.

• Elgoibarko eta Mendaroko alkateak
Guztira 750 pertsona inguru izan ziren Gipuzkoan kanporatuak eta, Olanok nabarmendu zuenez, guztiei hedatzen zaio egin den erakunde aitortza. Gainera, azpimarratu zuen Zumaia izan zela behartutako erbesteratze gehien jasan behar izan zituen herria, eta gogora ekarri zuen otsailaren 12an herri horretan bertan kanporatuei eskaini zitzaien omenaldia.
Kanporaketak jazo ziren 13 herrietako alkateek parte hartu zuten ekitaldian: Elgoibar, Mendaro, Mutriku, Deba, Zumaia, Getaria, Zarautz, Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Beasain, Lazkao eta Donostia.
Ama, nora goaz? filmaren estreinaldia
Foru Jauregian eginiko aitortza ekitaldian ‘Ama nora goaz?’ dokumentalaren aurretiazko pasea ere eskaini zuten, domekan (apirilak 2) Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatuko den filma. Pelikulak duela 80 urteko aipatutako pasarteak jasotzen ditu, eta Diputazioak omenduriko 11 emakume ditu protagonista: Edurne Aizpurua, Lore Albizu, Margari Albizu, Josune Sasiain, Lide Balenciaga, Agate Sodupe, Tere Larrar, Itziar Miren Sagarzazu, Matilde Aizpurua, Garbiñe Andonegi eta Arantza Bullain eta Anita Usiain. Iban Gonzalezek zuzendu du filma, Goazen gudari danok... filmaren zuzendariak, hain justu ere. Filmearen inguruko informazioa hemen duzue.

AMANORAGOAZ TEASER from irudiBERRIA Elkartea on Vimeo.

Gertakariak
1936ko uztailean jo zuten Franko eta beste generalek estatu kolpea eta, porrot egin ostean, gerra piztu zuten. Lehen egunetik Gipuzkoa hartzeko egin zuten borroka altxatuek, eta iraila bukaera alderako ia lurralde guztia bereganatzea lortu zuten. Intxortetan erasoaldia gelditzea lortu ostean, Gipuzkoa eta Bizkaia arteko mugan, tartean Aiastian, frontea egonkortu eta sei hilabetez horrela mantenduko zen. Bitarte horretan jazo ziren Aldundiak gogora ekarri dituen gertakariak: 1937ko otsaila eta martxoa bitartean, 1.000 lagun baino gehiago bota zituzten frankistek euren herrietatik, gehienak emakumeak eta haurrak. Senideren bat errepublikazaleen aldean zutela izan zen aitzakia. Frontetik gertu zeuden herrietako kanporatuek oinez egin behar izan zuten erbesterako bidea, kamioietan beste guztiek.

 emakumeak ihesean 1937

 emakumeak ihesean 1937 egunkaria