Martxoaren 3an hasi eta apirilaren 7an bukatuko da aurtengo Laburbira, Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen euskarazko film laburren zirkuitua. Laburbiraren helburu nagusiak euskarazko film laburrak eta haien egileak ezagutaraztea da, ikusleek hauek ezagutu eta beraiekin gozatzeko aukera emanez. Denbora tarte horretan, Euskal Herriko eta atzerriko 32 herri eta hiri zeharkatuko ditu. Elgoibarren ere geldituko da Laburbira, apirilaren 4an, martitzenean. Hala, elgoibartarrek 75 minutu euskarazko film laburrak ikusten emateko aukera izango dute.
Elgoibarko Kultur Etxeko hitzaldi-gelan izango da emanaldia, 19:00etatik aurrera, eta sarrera doan izango da. AEK euskaltegia, Elgoibarko Udala eta Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea dira antolatzaileak.
Aurtengo ediziora aurkeztutako hogeita bi lanetatik elkarren artean oso desberdinak diren zortzi film labur aukeratu dituzte antolatzaileek:
- Azken Saskia (Oier Fuentes)
- Beti bezperako koplak (Ageda kopla taldea)
- Ihesa (Alejandro Díaz Castaño)
- Elemakarrak (Ibon Iza)
- Jalgi (Eki Pagoaga)
- 280º (UDA films)
- EUSPOT lehiaketako spot onenak
- Hileta (Kepa Sojo)