Hasier Etxeberria kazetari eta idazle elgoibartarra hil da

Barren.eus 2017ko mar. 29a, 11:28

Hasier Etxeberria (Elgoibar, Gipuzkoa, 1957) minbiziak jota hil da. Iazko irailean jakinarazi zuen bere blogean minbizia zuela. 59 urte zituen. Kazetari, gidoilari, aurkezle eta idazlea izana zen; eta, besteak beste, baita BARREN aldizkariko kolaboratzailea ere.

Hasier Etxeberriak kulturgintzarekin eta euskalgntzarekin harreman estua izan zuen. Narrazio, nobela nahiz haur eta literaturako liburu ugari idatzi zituen (ikus Literaturaren Zubitegian), eta zenbait sari irabazi horiei esker; hala nola, Elgoibarko Etxepe Literatura Sarien estreinako edizioan (1982), Bilintx haur eta gazte literatura saria (1987), Estatua baten historia lanari esker, Julene Azpeitia ipuingintza saria (1992) Aukera profesionala-gatik, Gabriel Aresti saria (1997), Ipuin postmoderno bat egin diot nere buruari liburuagatik eta Irun Hiria Saria (1999), Arrainak ura baino liburuagatik. Horiez gain, 1988an idatzi zuen bere lehen eleberria, Mugetan, eta 2003an, berriz, Eulien bazkaBost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan liburua ere kaleratu zuen, non Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Ramon Saizarbitoria eta Joseba Sarrionandia idazleak luze eta zabal elkarrizketatu zituen. Era berean, Antso erregea antzezlana ere idatzi zuen.

• Makina bat telebista saio ETBn
ETBn 1983az geroztik aritu zen. Zopa haundi, Arkupe, Farenheit, Beti eskamak kentzen, Babel eta Ez dago larrosarik, Euskaldunak saioetan aritu zen. Azken saio hori azken urteetan bizileku izan duen Gazteluko bere etxean grabatu zuten 2015ean. Telebistan eginiko ibilbidea, baina, Sautrela literatura saiora egon da bereziki lotuta. 1999. urtean programa estreinatu zuten, eta 2012ra arte aritu zen etengabe. Etxeberria zen zuzendari eta aurkezle. Urtebete programaziotik kanpo egon ostean, 2013an berrezarri zuten, eta 2016an, Etxeberria ordurako gaixo zegoela, Beñat Sarasolak ordezkatu zuen aurkezle gisa.

ZuZeuko lagunen azken agurra
1993an, Rikardo Arregi kazetaritza saria irabazi zuen, eta 2012an, berriz, Sautrela saioari eman zioten sari horretako aipamen berezia. Euskaldunon Egunkaria-ren sorreran parte hartu zuen, eta, 2009an, ZuZeu ataria eratu zuen. Hain zuzen, ZuZeuko erredakzioko kideek eta lagunek sinatutako 'Partitzeko tenorea unhatu da' sarrera idatzi dute web orrian.
Iazko irailean jakinarazi zuen minbizia zuela. Zuzeu atarian Minbizia dut izenburupean idatzitako sarreran, gogora ekarri zuen duela 25 urte ere izan zuela gaixotasun hori. Osatu zen orduan, baina kartzinoma "bortitzago, biziago, erasokorrago" birsortu zitzaion.

• Erreakzio andana sarean

Hasier Etxeberriaren heriotzaren berriak sareak astindu ditu. Erreakzio horiek jaso eta batu dituzte argia.eus-en.

Hasier Etxeberriaren omenezko ekitaldia

Hasier Etxeberriaren familiak jakinarazi duenez, haren aldeko ekitaldia egingo dute barixakuan, hilaren 31n, 19:00etan, Kalegoen plazan.

hasier etxeberria barren elgoibar hastapenak idotorbe

hasier etxeberria hil elgoibar